Boluntariotzaren Europako Urtea amaitzear da: zer egin dezakegu eskuartean ditugun baliabideekin?

Azaroaren 23an eta 24an landa-eremuetako boluntariotzari buruzko topaketa egin zen, Boluntariotzaren Europako Urteko ospakizunen barnean. Horretan, Nafarroako Mendialdeko hiru elkartek hartu zuten parte: Baztango Bidelegun Elkarteak, Lizoaingo Ripakoa Elkarteak eta Baztan-Urdazubiko Done Jakueren Bideko Lagunak Elkarteak.

Topaketa Baenan (Kordoba) egin zen, eta Cederna Garalur partaide den Europe Direct zentroen elkarte UrdimbrED-ek antolatu zuen.  Cederna Garalur Elkarteaz gain, Kordoba, Teruel, Cuenca, Olivenza (Badajoz), Errioxa eta Euskal Autonomia Erkideko Europe Direct zentroek hartu zuten parte. Horien guztien bitartez, estatu osoan lanean diharduten landa-eremuetako boluntariotza-elkarteetako 30 ordezkari batzartu ziren.

Nafarroako parte-hartzaileek boluntariotzaren inguruko esperientzia trukatu izanaren ilusioarekin itzuli ziren. 2011 honetan ‘Boluntariotzaren Europako Urtea’ garatu izanari esker antolatu dira topaketa horiek eta horien ondorengo lankidetzak.

Makina bat dira boluntariotza-elkarteek lantzen dituzten gaiak, jakintza-eremu anitz hartzen dituzte, gizartea hainbat arlotan garatzen laguntzen dute, eta halako topaketek balioa ematen diote egindako lanari. Kontuan hartu beharreko balioa da gizarteak bizi duen aldaketa horretan.

Topaketaren oroitza-txosten osoa Cederna Garalur Elkartearen web orritik jaits daiteke.

Egindako galderari, hau da, zer egin dezakegu eskuartean ditugun baliabideekin? 6 proposamen eta hainbat erronka jaso ziren:

  • Baliabide gutxirekin transzendentzia handia lor daiteke proiektuekin.
  • Prestatzea garrantzitsua da, jarrera eta balio-aldaketei aurrea hartzeko, horien inguruan sentsibilizatzeko, eta horietan parte hartzeko.
  • Jardun beharra dago.
  • Belaunaldien arteko elkarrizketa bultzatu beharra dago, gure adinekoen jakintzak ez galtzeko.
  • Gaur egungo gizartearen errealitatea konfiguratzen ari diren kultura berriak integratu behar ditugu.

Erronkak: Boluntariotza eskola-curriculumean txertatu beharko litzateke, balio-aldaketa sortzeko, eta gizarteratzerantz urratsak emateko. Boluntariotzak berdinen arteko harremanak ezartzen lagun dezake. Horretarako, garrantzi handikoa da hezkuntza, kontzientzia kritikoa iratzartzeko lan egitea, gizarteratzea eta gizartea normalizatzea lortzeko sentsibilizatzea, behatzea eta ekitea. Prestakuntza funtsezkoa da prozesu horretan guztian.

Parte hartu duten elkarteak, eta bakoitzaren lan-arloa:

  • Aragoiko Boluntariotzaren Koordinakundea: sareko lana egiten du Aragoiko 64 boluntariotza-elkarterekin.
  • Maestrazgoko ADEMA Elkartea (Teruel): ingurumenaren arloan boluntariotza lantzen du; Guadalope ibaiaren inguruko lurraldea zaintzea.
  • Alcorisako BHI eta ATADI Lan Eremua – Aragoiko Kalathos Zentroa: gazteen arteko trukaketa lantzeko nazioarteko boluntariotza, helduen ezagutza, eta lan-eremua garatzen den zonaldean ingurumena leheneratzeko lanak.
  • Kordobako Baena Solidarioa: sasoikako langile etorkinekin lan egiten du.
  • Andaluziako Manos Unidas: Afrikan proiektuak lantzen ditu, batez ere emakumeen sustapenekoak.
  • Castro del Rioko Aprosub (Kordoba): adimen-urritasuna duten haurrekin lan egiten du udako eskola batean.
  • Cuencako Concemfe: minusbaliotasun fisikoa duten pertsonekin egiten du lan.
  • Cuencako Luna elkartea: minusbaliotasuna duten emakumeekin egiten du lan.
  • Cuencako Estratos Elkartea: gazteei zuzendutako boluntariotza lantzen duen elkartea da.
  • Villanueva del Fresnoko (Extremadura) Suhiltzaile Boluntarioen Elkartea: zonaldeko suteen aurkako zerbitzuak hobetze aldera.
  • Olivenzako (Badajoz) Aprosub-14: adimen-urritasuna duten pertsonei laguntza ematen diete.
  • Bidelagun Elkartea (Baztan, Nafarroa): Landa Boluntariotza Zentroaren sortzailea; batetik, etorkinak gizarteratzen dihardu, eta, bestetik, belaunaldien arteko elkarrizketa lantzen.
  • Ripakoa Elkartea (Lizoain Ibarra, Nafarroa): belaunaldien arteko elkarrizketa lantzen dute, baita ondarea eta ingurumena berreskuratzeko proiektuak ere.
  • Urdazubi – Baztango Done Jakueren Bideko Lagunen Elkartea: Urdazubitik eta Baztandik barrena doan Done Jakueren Bidea zaintzea sustatzen dute.
  • Naldako El Panal Elkartea (Errioxa): ondarea arkitektonikoa berreskuratzen dihardute lanean.
  • Naldako El Colletero Elkartea (Errioxa): kolektiboen arteko berdintasuna lantzen dute. 
  • Asprodema Errioxa Garaian: adimen-urritasuna duten helduen bizi-kalitatea hobetzen egiten dute lan.
  • Salvagoro Elkartea Gorobelen (Euskal Autonomia Erkidegoa): zonaldean artzaintza berreskuratzea du helburu.
  • Argia Emakumeen Taldea (Burgelu, Euskal Autonomia Erkidegoa): emakume etorkinen integrazioa lantzen dute.
  • Bizilore (Euskal Autonomia Erkidegoa): emakume-taldeekin egiten du lan, herritarren parte-hartze ekintzen eta abarretan sustatzaileak izatea lortzeko.
Por | 2011-12-22T09:54:42+00:00 diciembre 22nd, 2011|Albisteak, orokorra|Comentarios desactivados en Boluntariotzaren Europako Urtea amaitzear da: zer egin dezakegu eskuartean ditugun baliabideekin?