GIZARTEA: Isabel Elizalde Arretxea da Cederna Garalur Elkartearen zuzendari-gerente berria

 

Isabel Elizalde, Cederna-Garalurreko zuzendaritza batzordearekin.

Ttipi-Ttapa, 3 de febrero de 2012

Urtarrilaren 30ean egin zuen lehen bilera zuzendaritza batzordearekin

Cederna Garalur Elkartearen Zuzendaritza Batzordea lanean hasi da Isabel Elizalde doneztebarrarekin. Urtarrilaren 30ean egin zen lehen bilera zuzendari-gerente izendatu berriarekin. Helburua: hasitako lan-ildoa indartzea eta ‘Nafarroako Mendialdea – LGP’ programaren 2012rako lehen deia egitea onartzea.

Cederna Garalur Elkartearen Zuzendaritza Batzordeak abenduaren 20an izendatu zuen Isabel Elizalde Arretxea Cederna Garalur Elkartearen zuzendari-gerente. Lurraldea ederki ezagutzen du, eta eskarmentu handia du landa-garapenean eta enpresa-kudeaketan.

Zuzendari-gerente izendatu berria 2012ko urtarrilaren hasieratik beretik hasi zen lanean. Urtarrilaren 30ean izan zuen bere lehen bilera Zuzendaritza Batzordearekin.

Horrela, Cederna Garalur Elkarteak, zuzendari-gerente izendatu berriarekin eta Zuzendaritza Batzorde berriarekin, etapa berri bati heldu dio, non lurraldearen erreferente den garapen-erakunde hau sendotzearen eta indartzearen aldeko apustua egin baitute. Etapa horretan, oinarrizko lan-printzipioak “informazioa, komunikazioa, lankidetza eta zonaldearekiko eta bertako eragileekiko zuzeneko harremana” izanen direla jakinarazi dute.

Cederna Garalur Elkarteak 8 agentzia ditu lurraldean, eta sostengu-talde bat Iruñean. Elkartearen asmoa da tresna baliagarria, eraginkorra eta eragimen handikoa izatea, inguruko herrietan jarduera sortzen eta garapen sozial eta ekonomikoa lortzen lagunduko duten dinamikak garatzeko, sustatzaile publikoak nahiz pribatuak bultzatuz, horiei sostengua emanez eta lagun eginez. Eginkizun horretan, Cederna Garalur Elkarteak” erakunde argia, eta gure lurraldeen bizi-kalitatea hobetzea eta arlo horretan aurrera egitea azken xede duten erakundeekiko eta taldeekiko estrategiak partekatzeko eta akordioak lortzeko erakunde irekia” nahi du izan, “Nafarroako Mendialdearen garapen jasangarriaren alde eginez argi eta garbi”.

Por | 2012-02-03T10:55:40+00:00 febrero 3rd, 2012|Hemeroteka|Comentarios desactivados en GIZARTEA: Isabel Elizalde Arretxea da Cederna Garalur Elkartearen zuzendari-gerente berria