Nafarroako Landa Turismoaren Nazioarteko III. Kongresuaren ondorioak

Otsailaren 17an eta 18an Nafarroako Landa Turismoaren Nazioarteko III. Kongresua egin zen Iruñean, «Navartur 2012 – Nafarroako Erresuma» azokaren barnean.  Turismo arloko Edurne Elso eta Nahikari Uriarte izan ziren Cederna Garalur Elkartearen ordezkariak kongresuan.

Aipatu kongresua bukatuta, antolatzaileek eta parte-hartzaileek ondorio zehatzak atera zituzten, eta horiek honekin batera doakizuen txostenean jaso ditugu. Laburbilduz, honako hauek izan ziren:

  • Kultura ondarearen eta landa-turismoaren arteko erlazio-eredua aldatu beharra dago.
  • Turismo kualifikatua aldarrikatu beharra dugu, eta ez dugu ahantzi behar kultura turismoaren jatorrian dagoela.
  • Gainera, elkarlaneko integrazioa behar-beharrezkoa da.
  • Oreka lortu behar dugu globalaren eta tokian tokikoaren artean.
  • Tokian tokiko herritarren albait parte-hartze handiena lortu behar dugu.
  • Ezinbestekotzat jotzen da landa-turismoak kultura ondarea erabiltzea, bai ukigarria, bai ukiezina.
  • Landa-turismoa eremu bizietan garatuko duen eredua azpimarratu da.
  • Kontuan hartu behar da eskariaren hipersegmentazioa dagoela.
  • Ondarearen interpretazioa funtsezko tresna da, eskuragarri dauden tresna guztiak erabilita.

Nazioarteko esperientziek hainbat ideia interesgarri ekarri zituzten; esate baterako, Bhuta eta bere paisaia eta nortasuna babesteko politika zorrotza, edo Esloveniako «lurralde marka» deiturikoa.

Ondare tradizionalari balioa emateak eta ondare hori berreskuratzeak epe luzerako ahalegin publiko eta pribatua eskatzen du, parte-hartzailea eta iraunkortasun irizpideak gordeko dituen ahalegina.

Sare sozialez hitz egiterakoan, ondorioak oso argiak dira: sare sozialek aukera ematen diote turistari izan duen esperientzia hori ez eteteko bere eguneroko bizitzera itzultzen denean, sustapenerako eta komunikaziorako ahalmen handiko tresnak dira, marken sinesgarritasunari eragiten diote neurri handi batean, eta ezinbestekotzat jotzen da, besteak beste, arlo horretan inbertsioak egitea eta giza baliabide espezializatuak edukitzea.

Horiez gain, gastronomia turismoa deszentralizatzeko faktore gisa baloratu zen. Honako hau jaso da ondorioetan: «bermatu beharra dugu nekazaritzako elikagaiak turismo-produktu berezitua izatea». Garrantzitsutzat jo zen «gaikako ondare-ibilbideak» sortzea, gazteluena eta gotorlekuena, esate baterako.

Promozionalizazio kontzeptua sortu da; alegia, «online» bitartekoak baliatuz, promozionatzeko eta komunikatzeko modu berria, hizkuntza euskarri berrietara egokituz, eta «elkarrekin lan egitea» garrantzitsutzat joz.

Ondorioen dokumentu osoa hemendik jaits daiteke.

Por | 2012-02-26T18:42:58+00:00 febrero 26th, 2012|Albisteak, orokorra|Comentarios desactivados en Nafarroako Landa Turismoaren Nazioarteko III. Kongresuaren ondorioak