“Petrus maisuaren mezua harrietan” ipuinaren argitalpena

Cederna Garalur Elkarteak, Simeón Hidalgoren eskutik, Gergetiaingo Petrus maisuaren ibilbide interesgarriari jarraitzeko eta Erdi Aroko maisu horrekin bat egiteko eta bere lana deszifratzeko gonbidapena luzatzen digu. Horretarako, liburua baliatuko dugu, gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez argitaratua (1.500 ale). Argitalpena dohainik banatuko zaie, Pirinioaurreko eskualdeetan, turismo-bulegoei, liburutegiei, ostalaritzako establezimenduei, ikastetxeei nahiz eskaera eginen duten interpretazio-zentroei.

Simeón Hidalgok publiko guztientzat idatzitako liburu horrek harrietan irakurtzen eta ‘Petrus’ hargin-maisuak zizelkatutako eguneroko ikurrak deszifratzen eta ulertzen laguntzen du. Harginak Itzagaondo, Untziti, Orbaibar, Oibar, Ezkabarte eta Aezkoa ibar nafarretan egin zuen lan XII. mendean.

‘Petrus maisuaren mezua harrietan’ izeneko ipuina Gergetiaingo San Martin Tours eliza erromanikoa (Itzagaondo ibarra) zaharberritzearekin batera eman da argitara. Eliza landa-ondarearen eredu zoragarria da, eta horretan bere aztarna utzi zuen Petrus maisuak, kapiteletako batean.

Aunitz dira eliza erromanikoak ezagutzeko Nafarroako Mendialdea turismo-xede gisa aukeratzen duten zaleak eta turistak, eta are gehiago dira monumentu-eskultura guztietan (harburuak, kapitelak, arkuarteak, arkibolta eta metopak) ageri diren mezuen interpretazioak erakartzen dituenak.

Ehunka urteko altxor horiek baloratzea, leheneratzea eta sozializatzea eman beharreko ezinbesteko urratsak dira batzuetan horren egoera ahulean dauden, eta abandonatzearen, aurri bihurtzearen eta espoliazioaren ondorioz desagertzear dauden gure landa-eremuetako garapen kultural, ekonomiko eta turistikoaren eragile bihurtuko badira.

‘Petrus maisuaren mezua harrietan’ izeneko lana Cederna Garalur Elkarteak eman du argitara ‘Hurbileko erromanikoa‘ proiektuaren babesean, Nafarroako Erdialdea Partzuergoarekin batera. Proiektu horren barnean txertatzen dira, halaber, Nafarroako Mendialdean lantzen ari diren Erdi Aroari buruzko gymkhanak, ‘Vamos a ver románico’ liburua, Nafarroako Mendialdeko ondare erromanikoari buruzko gida birtual bat, Nafarroako Erdialdeko erromanikoari buruzko bideoa, eta web orri bat.

‘Hurbileko erromanikoa’ izeneko proiektua Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak finantzatzen du, Nafarroako Foru Erkidegoko Landa Garapen Programako (2007-2013) Leader ardatzaren barnean.

 

 


Por | 2012-10-05T08:29:03+00:00 octubre 5th, 2012|Albisteak|Comentarios desactivados en “Petrus maisuaren mezua harrietan” ipuinaren argitalpena