Poloniako ordezkaritza batek Cederna Garalur Elkartea bisitatu zuen

Irailaren 25, 26 eta 27an, Cederna Garalur Elkarteak Poloniako hegoaldeko Silesia Behereko 16 teknikariz osatutako taldea jaso zuen bisitan.

Helburuetako bat Cederna Garalur Elkarteak proiektuak finantzatzeko baliatu dituen Europako funtsen kudeaketa ezagutzea zen, turismo-jarduerarekin lotura duten esperientziak eta proiektuak ezagutzea eta bertatik bertara ikustea, eta elkartearen balioak eta baliabideak nola baloratzen diren ikustea. Cederna Garalur Elkartetik honako hauek egon ziren topaketan: Isabel Elizalde eta Nahikari Uriarte (zuzendari-gerentea eta turismo-teknikaria, hurrenez hurren), Elena Irigoien, Arantxa Aregi eta Izaskun Abril (Ultzama, Malerreka eta Bortzirietako eskualdeko garapen-eragileak), eta Patxi Tornaría, Ultzama Ibarreko alkatea.

Bisitaldia Cederna Garalur Elkarteak Antsoainen dituen bulegoetan hasi zen. Bertan, lan-oinarrien, Elkartea lantzen ari den estrategien eta turismo-arloko proiektu nagusien, eta Cederna Garalur Elkarteak Nafarroako Mendialdean kudeatzen duen Landa Garapenerako Programatik (LGP, Europar Batasunak eta Nafarroako Gobernuak finantzatua) bultzatzen ari diren proiektuen tipologiaren berri eman zitzaien.

Azalpenean, Cederna Garalur Elkarteak Nafarroako Mendialdearen ikuspegia izango duten proiektuak garatzeko, dauden bitartekoak baliatzeko, deszentralizazioa bultzatzeko, kalitatearen aldeko apustua egiteko, tresna berritzaileak sortzeko printzipioa azpimarratu zuen, baita lankidetza-marko orokor bat eta zehazki mugaz gaindikoa edukitzeak duen garrantzia ere, gure eguneroko jardueran eta proposamenetan txertatze aldera.

Aurkeztu zitzaizkien turismo-intereseko proiektuak honako hauek izan ziren. xedeko kalitaterako eskuliburua (Nafarroako Gobernuak finantzatua), basoak baliabide mikologikoak erabiliz balorizatzea, RCB (Rural Convention Bureau), REPE (Zaldi Ostatuen Sare Europarra), hurbileko erromanikoa eta RETO Natura 2000 (horiek guztiak turismo-proiektuak), eta Cartorural proiektuak, lan-lurraldearen analisi adimenduna egiteko tresnak.

Ondoren, Poloniako ordezkaritza Orgiko basoa (Ultzama Ibarra) bisitatzera gonbidatu genuen. Bertan, Ultzamako parke mikologikoa (Garrapo enpresak kudeatua) ezagutu zuten, baita Doble A Lizaso zalditegia ere. Gerora, Malerrekara joan ziren, eta Bertizko BTT zentroa bisitatu zuten. Horrez gain, eskualdea MP4 irakurgailuarekin bisitatzeko proiektua ezagutu zuten, Donezteben.

Poloniako ordezkaritzaren arabera, bidaia ‘guztiz baliagarria’ izan da. Beren hitzetan bere lurraldean oso aktiboa den Cederna Garalur Elkartearen lana ezagutzeko aukera izan dute. Haien esanetan, gure erakundeak jakin izan du ondare- eta natura-aberastasunarekin lotutako ekimenak garatzen, besteak beste; xarmadun landa-inguruneak bultzatzea, bizikleta-ibilbideen eta bisita autogidatuen bidez, nahiz basoak proiektu mikologikoen bitartez ustiatzea modu jasangarrian.

Guregana etorri ziren beren iturrien arabera Nafarroa eskualde aitzindaria delako Espainian berrikuntzari eta garapenari dagokienez. Helburua eskualdea ezagutzea zen, eskualde-mailako eta tokiko erakundeekin kontaktuan jartzea, jarduera onak trukatzea, eta Europako funtsekin landutako proiektuak ikustea, beren ikuspegi propioa zabaltze aldera.

Por | 2012-10-05T08:27:32+00:00 octubre 5th, 2012|Albisteak|Comentarios desactivados en Poloniako ordezkaritza batek Cederna Garalur Elkartea bisitatu zuen