Transarlas proiektua: turismoa Erronkari eta Baretos (Frantzia) ibarretan

Irailaren 26an, ‘San Martingo Harria’ eski-estazioan (Frantzia) TRANSARLAS izeneko mugaz gaindiko lankidetza-proiektua jarri zen martxan. Proiektuan mugaz bi aldeetako enpresa banak hartzen du parte; EPSAk eta ‘Navarra Deporte y Ocio’ (NDO), eta Erronkari eta Baretos ibarrak dira jarduera-eremuak.

Ekitaldian honako hauek izan ziren: Pruden Indurain, Nafarroako Kirola eta Gazteria Institutuko zuzendari gerentea; Cristina Arcaya, Pirinioetako Lan Erkidegoko idazkari nagusia; Jean Claude Costa, EPSAko lehendakaria, eta Laurent Dourrieu, EPSAko zuzendari-gerentea; Ana Lusarreta eta Moncho Urdiain, NDOkoak; Angel Luis de Miguel eta Pierre Cassabone, Izabako eta Eretako alkatea eta auzapeza, hurrenez hurren; Alfredo Cabodevilla, Erronkari Ibarreko Batzarreko lehendakaria; eta Isabel Elizalde eta Amaia Mauleón, Cederna Garalur Elkartearen zuzendari-gerentea eta Erronkari-Zaraitzu eskualdeko garapen-eragilea, hurrenez hurren.

Proiektuaren helburua mugaz gaindiko eremu komun bat sortzea da, eskia eta mendiarekin lotura duten bestelako jarduerak lantzeko. Eski-estazioetan gaur egun egon badauden baliabideen inguruan egituratzen da. Bestalde, bata bestearekin uztartuko diren zerbitzu berriak sortu nahi dira, elurraz haratago egonen den eskaintza erakargarria eta berritzailea sortze aldera, ikuspegi iraunkor eta ingurumenarekiko errespetuzko batetik zonaldeak dituen natura-baliabide garrantzitsuez gozatzeko, eta, aldi berean, gaur egun elurrak dakarren urtarokotasuna gainditzeko.

‘Transarlas’ proiektuak Espainia-Frantzia-Andorra lurralde-lankidetzarako programa europarraren (POCTEFA) finantziazioa du. Hiru urteko iraupena du, eta aurrekontua (bi bazkideentzat), guztira, 807.000 euro da. Diru horretatik % 65 Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsetik (LGENF) dator, eta Pirinioetako Lan Erkidegoak kudeatuko ditu.

Por | 2012-10-05T08:22:46+00:00 octubre 5th, 2012|Albisteak|Comentarios desactivados en Transarlas proiektua: turismoa Erronkari eta Baretos (Frantzia) ibarretan