Baratzean lanean,lana sortzen, herria egiten

Gaur goizean Elizondon (Baztan),  ‘BARATZEAN LANEAN’, edo bestela esanda ‘Baratzean lanean, enplegua sortzen eta herria egiten‘ jardunaldia burutu da.

Cederna Garalur Elkarteak baratzeen inguruko jardunaldia antolatu du, eta horretan 80 lagunek baino gehiagok hartu dute parte. Horrela, udalek, partikularrek eta bestelako erakundeek antzeman eta gure garapen-agentzietara helarazitako eskaerari erantzun diogu. Jardunaldia erakunde askok emandako babesari esker burutu ahal izan da: INTIA, CPAEN, ENHE eta UAGN sindikatuak, NUP, Nafarroako Hazien Sarea eta Baztango Udala, anfitrioia.

Jardunaldian hiru gai-multzo nagusi landu dira:

  • Baratzeak aisiarako
  • Baratzeak gizarte-baliabide gisa
  • Baratzeak enplegurako baliabide erreal eta gaur egungo baliabide gisa.

Horrez gain, publikoari baratzeen inguruko hainbat esperientziaren eta zenbait erakundek egindako lanaren berri emateko tarte bat ere izan da.
Ekitaldia abiapuntu gisa planteatu da, estrategia eta lan-ildo berriak lantzeko eta zehazteko, gure sen ona aplikatuz eta gure baliabideak kontuan hartuz. Oraingoz eta jardunaldiaren amaieran, honako hauek dira lehen ondorioak:

  • Dibertsifikazioa izatea oinarrizko planteamendua, ‘Ez jarri arrautza guztiak saski berean’.
  • Erabilgarri ditugun baliabide fisikoak eta giza baliabideak ezagutu beharra: «lurrak dauzkagu, produktuak dauzkagu, haziak dauzkagu, ura daukagu (hori gestionatzen jakin beharra dugu), eta, batez ere, PERTSONAK dauzkagu»

Bestalde, honako hauek izan dira partaideek aipatu dituzten jarduera-ildo nagusietako batzuk:

  • Sentsibilizatzea, prestatzea eta heztea.
  • Gure eskualdeetan kudeaketa mankomunatua eta belaunaldien arteko harremana bultzatzea; izan ere, baratzeak gizarte-harremana berreskuratzeko guneak baitira.
  • Baratzeak eta bizimodu osasuntsua uztartzea, produktu naturaletan eta ekologikoetan oinarrituta.
  • Lur- eta hazi-bankuak egiteko aukera, gure lurrak eta bertako produktuak baliatuta.
  • Baratzeek guztiontzako aukera izan behar dute.
  • Banaketa-bide motzak erabiltzea eta tokian-tokian saltzea eskualdeetako baratzeetan sortutakoa.

Helburu horiek lortzeko, lurraldeko eragileen inplikazioa eta parte-hartzea ezinbestekoak dira, eta adostasun politikoetara iritsi behar dugu, erakundeen arteko koordinazioa bultzatu, eta ekimen pribatua (ekoizleak, dendak, catering-enpresak), ikastetxeak, unibertsitateak eta prestakuntza-zentroak tartean sartu. Baina batez ere herritarren parte-hartzetik lan egin behar da.

Finean, mezua da, berriro ere, zailtasunak eta arazoak bizi ditugun une honetan ez dugu ahaztu behar badirela aukerak enplegua sortzeko eta gure eskualdeetako bizi-kalitatea hobetzeko. Horretarako, Baztango garapen-eragile Izaskun Abrilen hitzetan guztiok ‘herritarrok eta gizarte-eragileok elkarrekin lan egin dezakegu, lan egin nahi eta lan egin beharra dugu’.

Lanak etxean jarraitzen du, eta Cederna Garalur Elkarteak ekimen berriak sortzea espero du. Argitara emandako txostenak, ondorioak eta egindako ekarpenak www.cederna.es web orrian daude. Horrez gain, gure on line gunea (web orria eta sare sozialak) ekarpenak egiten jarraitzeko eta baratzeetan elkarrekin lanean jarraitzeko foro bat izatea espero dugu, Nafarroako Mendialdean dauden beste baliabide askorekin batera (basoa, mikologia, merkataritza, turismoa, abeltzaintza, nekazaritzako elikagaiak, eta abar).

 ‘Baratzean lanean’ jardunaldia Cederna Garalur Elkartearen »Enpresa-proiektuak eta ETEei zuzendutako bestelako zerbitzu aitzinatuak finkatzeko sostengua’ izeneko proiektuaren barnean kokatzen da. Proiektua Nafarroako Gobernuak eta LGENF funtsek finantzatzen dute landa-garapeneko planaren barnean.

Por | 2013-04-17T08:09:19+00:00 enero 23rd, 2013|Albisteak|Comentarios desactivados en Baratzean lanean,lana sortzen, herria egiten