«Ez da Moteltzeko Garaia, KEDADA DA Irtenbidea…»

70 lagun baino gehiago Cederna Garalur Elkarteak ekintzaileentzat antolatutako KEDADAn

Ekimena, Cederna Garalur Elkarteak Lesakan kudeatzen duen enpresentzako zerbitzu-zentroan antolatua, ekintzaileentzako eta enpresa finkatuentzako topaleku bihurtu da, esperientziak eta ideiak elkarri trukatzeko, gure eskualdeetan ekonomia-jarduera sortze aldera.

Tailerretan parte hartu dutenen inplikazioak (tailerretan oso aktiboki parte hartuz) agerian uzten du ‘giza kapitalaren‘ garrantzia; alegia, negozio bat abian paratzen pertsonek duten garrantzia eta horien jarrera. Jendearen soslaia oso anitza izan da: turismo-sektoreko ordezkariak, zerbitzukoak, nekazaritzakoak, elikadurakoak, merkataritzakoak, inportaziokoak eta esportaziokoak, patenteetakoak, natura-eremuetakoak, on line salmentakoak, eta Irungo eta Oñatiko Mondragon Unibertsitatekoak.

Hauexek dira Kedadan parte hartu dutenek ateratako ondorioetako batzuk:

  • «Enpresak ez dira soilik hiri handietan sortzen, Nafarroako Mendialdean ere bada enpresa-ekimena, eta enplegua ere sortzen da»
  • «Enpresa guztiek, finkatuek eta oraindik sortu gabeek ere, esperientziak trukatzeko eremu komunak behar dituzte, ezagutza sortzeko gai izanen diren eremuak»
  • «Egungo krisia, krisia izateaz gain, aldaketetarako etapa bat da, lan-modu berriak sortzeko aukera, eta ezertara ez garamatzaten jarrerak alde batera uzteko aukera»;
  • «Cederna Garalur Elkartea, besteak beste, baliatzea halako ekimenak edukitzeko»: ez egon noiz deituko diguten zain, abian jarri baizik».

Jardunaldia Cederna Garalur Elkarteak (Nafarroa) eta Bidasoa Bizirik (Gipuzkoa) ekimenak antolatu dute elkarrekin. Hasierako ekitaldian, Peio Etxabidek (Lesakako alkatea), Maribel Lorenzok eta Isabel Elizaldek (Bidasoa Bizirik eta Cederna Garalur Elkarteko zuzendari gerenteak, hurrenez hurren) hartu dute parte.

Ondoren, bi ekimen pribatuk (Altsasuko S. Koop. eta Comercial Respuestas Solidarias) beren esperientzien berri eman dute, eta animoa jasotzearen eta eskuzabaltasunaren garrantzia azpimarratu dute, baita ilusioari eusteak eta nork bere buruarengan eta proiektuan konfiantza edukitzeak duen garrantzia ere, eta horrekin guztiarekin ahalegin pertsonala.

Hasiera-ekitaldiari amaiera emateko, Daniel Madrazok Moderna Programa aurkeztu du.

Hala ere, partaidetzarako antolatu diren tailerrak izan dira jardunaldiaren ardatza; horietan parte-hartzaileek nahierara eman izan dute haien iritzia. Tailerretatik hiruk ekintzaile nahiz enpresaburu orok beren negozioan planteatzen dituzten aferak aztertu dituzte: negozioaren estrategia; marketina edo produktuaren salmenta; eta enpresaren finantza-kudeaketa. Laugarren Tailerrak (UNEDeko irakasle Javer Otazu Ojer-ek zuzendua) parte-hartzaileak animatu ditu konstante izatera, ez etsitzera egungo egoera ekonomikoaren aitzinean, sortzen ari diren ideiei forma ematera, merkatua aztertzera (dohainak eta akatsak), eta ezagutza hori baliatzera.

Kedada ekintzailea Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak finantzatzen dute, «LGP 2007-2013, 4. Leader ardatza» programaren barnean, «LGP enpresak» proiektuaren bidez.

Argibide gehiagorako:
–    Arantxa Arregi. Bertizarana, Malerreka eta Bortzirietako tokiko garapen-eragilea. Tel.: 606 43 13 57. Posta elektronikoa: bidasoa@cederna.es
–    Irene Gastaminza. Cederna Garalur Elkarteko Enpresak eta Enplegua arloaren arduraduna. Posta elektronikoa: igastaminza@cederna.es

 

Prentsa-ohar hau Cederna Garalur Elkartearen ‘Lurraldeko gizarte- eta ekonomia-eragileen informazioa eta komunikazioa eragimenez kudeatzea’ izeneko proiektuan txertatzen da, Nafarroako Gobernuak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatua landa-garapeneko programaren barnean.

Por | 2013-04-17T08:08:34+00:00 enero 29th, 2013|Albisteak|Comentarios desactivados en «Ez da Moteltzeko Garaia, KEDADA DA Irtenbidea…»