17.000 bisitari jaso ditu Nafarroako Mendialdeko eta Erdialdeko erromanikoari buruzko ‘turismoromanico.com’ webguneak

(Iturria:    Carlos García, Agoitz-Ilunberriko tokiko garapen-eragilea)

Otsailaren hasieran martxan jarri zen www.turismoromanico.com web orria, oso modu erakargarrian Nafarroako Mendialdeko eta Nafarroako Erdialdeko ondare erromanikoa erakusgai paratzen duen plataforma birtuala. Ekimenaren arrakasta bistakoa da, izan ere, hilabete eta erdian orriak 17.000 bisitari jaso ditu; hortaz, turismo eta ondare arloko lehen mailako erakusleihoa eta informazio-baliabidea dela esan dezakegu.

Web orria ‘Hurbileko erromanikoa’ izeneko proiektuaren azken emaitza da. Proiektua Nafarroako Erdialdeko garapen-taldearekin lankidetzan landu dugu, 2011n abiatu zen eta aurten web orria martxan jarrita bukatu den Landa Garapenerako Programaren (LGP) bitartez.

Proiektuak eginahalak egin ditu kalitateko turismo-produktu bat antolatzen, lurralde horietan horren presente dagoen ondare-baliabideen bidez. Halaber, erromanikoaren inguruko sentsibilizazio-, animazio-, interpretazio- eta promozio-ekintzak proposatu ditu Nafarroako Mendialdean eta Erdialdean.

Web orrian ekintza horietatik anitz jaso ditugu, eta horiez gain material grafikoak eta ikusmenekoak; gure lurraldean arte horrek duen adierazpenik onenak.  Horrela honako hauek ikus ditzakegu:

  • Nafarroako Mendialdeko erromanikoaren gida birtuala. Horretan, zonalde horretako erromanikoaren adierazpen nagusiak ageri dira, eta bakoitzak irudikapen birtuala du (3D, bideoak, informazioa, 360º-ra ikus daitezkeen argazkiak, xehetasuneko argazkiak, eta abar).
  • Nafarroako Erdialdeko erromanikoari buruzko bideo bat.
  • Erromanikoari buruzko bi liburu: “Vamos a ver Románico” eta “El Mensaje en Piedra del Maestro Petrus de Guerguitiain”, biak dohainik.
  • Erromanikoaren inguruko bi jolas; “Erdi Aroko abenturak”, bost gymkhana autogidatuz osatutako jolasa, Nafarroako Mendialdean baliabide erromanikoak dituzten herriak ezagutzeko, eta “Románico Enigmático” Nafarroako Erdialdeko erromanikoa ezagutzeko.

Web orriak argazkien atal bat du osagarri, bi lurraldeetan arte hori erakusten duten eraikin enblematikoenak jasotzen dituztenak. Horrez gain, monumentuen kokapena erakusten duen mapa bat dago, eta turistentzat eta, oro har, publikoarentzat horren erakargarria eta xarmagarria den turismo-baliabide horren ezagutzan sakontzeko eta ezagutza hori areagotzeko estekak jasotzen dituen orrialdea.
Laburbilduz, turismoromanico.com ez da gure lurraldeko estilo erromanikoa ezagutzeko beste tresna bat, teknologia berriek ematen dizkiguten tresnen bidez erromanikoaz gozatzeko tresna baizik.

Por | 2013-04-17T07:55:21+00:00 abril 12th, 2013|Albisteak|Comentarios desactivados en 17.000 bisitari jaso ditu Nafarroako Mendialdeko eta Erdialdeko erromanikoari buruzko ‘turismoromanico.com’ webguneak