Mendialdetik: Bidasoako Pedalak, kirola eta turismoa bizikletan

‘Bidasoako Pedalak‘ mugaz haraindiko ibilbidea, ‘Munduko Pedalak BTT sarearen‘ berritasunetako bat da. Kirola eta turismoa tartekatzen ditu, paisaia-, kultura-, ondare- eta gastronomia-balio handiko mendi-bideetan barrena. Mendi-ibilbide zirkularra da; 190 kilometro eta 5.200 metroko desnibel metatua. Irteera eta helmuga Donezteben ditu, eta Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoan barrena doa, hiru, lau, bost edo sei etapatan egitekoa, ibilbidea egitea erabakitzen duten mendiko bizikleta zaleen prestakuntza fisikoaren baitan.

Bidasoako Pedalak ekimenaren sustatzaile Patxi Iratzokik eta Cristina Arbuesek, Pedales del Mundoko zuzendari Pep Vegasek eta Doneztebeko Udaleko zinegotzi Peio Sanzek ekimenaren berri eman zuten apirilaren 5ean prentsaurrekoan, Doneztebeko Udaletxean. Juan Carlos Garro eta Margari Aierza txirrindulariak ekitaldian izan ziren ibilbidearen babesle gisa.

Ibilbidea Gasteizko bi txirrindularik estreinatu dute; lau egun behar izan zituzten itzulia egiteko. Pasa den martxotik zabalik dago, heldu den Domu Santuko zubira arte. «Hiru, lau, bost edo sei egunetan egin daiteke. Ekimenak indar handia du Katalunian, oso harrera ona izan du», adierazi du Cristina Arbuesek, Patxi Iratzokirekin batera proiektuaren bultzatzaileak.

Bidasoako Pedalak ibilbidearen % 80 baino gehiago asfaltatu gabeko pista eta bideetan barrena doa, eta agerian uzten dizkigu mendiaren zein itsasoaren paisaia ezin ederragoak. Ekimenaren sustatzaileek ibilbideak zeharkatzen dituen eremuko bitartekoak eta azpiegiturak baliatzen dituzte; horrela, egun bakoitzaren amaieran txirrindulariek Bidasoako Pedalakekoek gordetako ostatuetan egiten dute lo. Horrez gain, abenturaren hasieran parte-hartzaile bakoitzak ibilbide-liburua jasotzen du, eta GPSrako track-a lortzeko aukera dauka, ibilbidea ez baitago balizekin edo seinaleekin markaturik. Bidasoako Pedalak taldeak, halaber, ekipaia batetik bestera eramateko zerbitzua kontratatzeko aukera ematen du, txirrindularientzat erosoagoa izan dadin. Horrez gain, eremuan aisiarako dauden baliabideekin bestelako ekintzak antolatzen ditu, ibilbidea egin nahi ez dutenentzat. Ibilbidea bukatuta, kontrol gune guztietatik pasa diren txirrindulariek Bidasoako Pedalaken maillot esklusiboa jasoko dute, itzuliaren finisherra.

Bidasoako Pedalak taldearen mendi-bizikletako ibilbideak Nafarroako, Lapurdiko eta Gipuzkoako herri eta leku enblematikoak zeharkatzen ditu; besteak beste, Baztan Ibarra, Zugarramurdi, Urdazubi, Ainhoa, Sara, Azkaine, Biriatu, Hendaia, Hondarribi, Pasai Donibane, Errenteria, Oiartzun, Bera, Lesaka, Igantzi eta Arantza. Horiez gain, Doneztebe, abiapuntu eta helmuga.

Bidasoako Pedalak Pedales del Mundo sareko aurtengo nobedadea da. Pedales del Mundo sareak hainbat ibilbide berezi jasotzen ditu Katalunian, Granadan, Lanzaroten eta Europako Mendietan eta Frantzian. Ibilbide horiekin turismo-produktua eta ibilbideak zeharkatzen dituen eremuen garapen jasangarria sustatu beharra bateratzen ditu. Patxi Iratzokik eta Cristina Arbuesek bultzatzen duten ibilbideari dagokionez, hainbat zaletuk interesa erakutsi dute, dagoeneko, eremuan erreferente bihurtu asmo duen abenturan parte hartzeko.

Bidasoako Pedalakek Landa Garapenerako LGP 2007-2013 programako 4. Leader ardatzaren finantziazioa jaso du: % 55 landa-garapenerako Europako nekazaritza-funtsak (LGENF) dira, eta % 45 Nafarroako Gobernuarenak.

Argibide gehiagorako:

  • Cristina Arbués. Patxi Iratzoki. Bidasoako Pedalak.  Webgunea: www.bidasoakopedalak.com. Posta elektronikoa: info@bidasoakopedalak.com. Tel.: (+34) 656.577.704
Por | 2013-04-17T08:07:02+00:00 abril 12th, 2013|Albisteak|Comentarios desactivados en Mendialdetik: Bidasoako Pedalak, kirola eta turismoa bizikletan