Mendialdetik: Nafarroako Gobernuak 276.189 € emanen ditu biomasa-planta bat paratzeko, eta Ultzamako Udaletxea zaharberritzeko

(Iturria: Nafarroako Gobernua, www.navarra.es)

Nafarroako Gobernuak 276.189 euro bideratu ditu bi ekimen horietarako; alegia, 60.000 euro energia-azpiegiturarako eta 216.189 euro ibarreko udaletxea birmoldatzeko.
Ekitaldian izan dira Nafarroako lehendakari Yolanda Barcina; José Javier Esparza, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilaria; Patxi Pérez, Toki Administrazioko zuzendari nagusia; Patxi Tornaría, Ultzamako alkatea; eta José María Aierdi, Cederna Garalur Elkartearen lehendakaria. Lehenik, biomasa-instalazioa bisitatu dute; horrek energiaz hornitzen ditu Copos Ulzama eta Piensos Saioa enpresak, biak abereen elikadura lantzen duten enpresak dira, eta lursail berean kokatuta daude.
Bi enpresa horien energia termikoaren kontsumoa 4.815.200 kWh/urteko da; lehen gasolioarekin eta petroliotik likidotutako gasarekin sortua. Horren kostua urteko 327.400 euro zen.
Ingurutik ekarritako biomasa darabilen planta berria martxan jarrita, kostu ekonomikoa urteko 86.500 eurokoa da; horrek, 241.000 euro/urteko aurrezkia esan nahi du. Plantan erabilitako biomasa eremuko basoetatik dator. Horren kostua 62 euro/tonakoa da, eta urtean 1.395 tona erabiliko dira, gutxi gorabehera. Horrez gain, biomasa erregai gisa erabiltzeak atmosferara 1.125 tona CO2 gutxiago isurtzea ekarriko du.
Energia-azpiegitura horiek eraikitzeko 60.000 euroko diru-laguntza izan dute. Kopuru horretatik % 55 Europar Batasunaren funtsak dira, eta gainerakoa, Nafarroako Gobernuak paratutakoa, Landa Garapenerako LGP 2007-2013 programaren 4. Leader ardatzaren bitartez finantzatua.
Jarraian, agintariak Larraintzarrera (Ultzama) joan dira, eta bertan Ultzamako Udaletxea zaharberritzeko lanak inauguratu dituzte. Lan horien barnean, udaletxeko behe-solairuak dituen hiru gorputzetatik bi egokitu dira. Landutako azalera denetara 246,66 metro koadro izan da. Horrez gain, arrapala bat eraiki da, traba arkitektonikoak ezabatze aldera.
Lanek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso dute. Inbertsioak, denetara 366.840 euro izanik, 216.189 euroko diru-laguntza jaso du, 2009-2012 tokiko inbertsio-planeko funtsen kargura.

Por | 2013-04-12T08:25:21+00:00 abril 11th, 2013|Albisteak|Comentarios desactivados en Mendialdetik: Nafarroako Gobernuak 276.189 € emanen ditu biomasa-planta bat paratzeko, eta Ultzamako Udaletxea zaharberritzeko