Mendialdetik: Udaberriko feria Baztanen

(Iturria: Izaskun Abril)

Euria gorabehera, apirilaren 5ean (ostirala) Udaberriko feria antolatu zuten beste urte batez Elizondon (Baztan). Eguraldi txarra zegoela-eta, ekitaldi guztiak merkatu plazan egin ziren. Aterpe horretan Baztan Ibarreko nekazaritzako elikagaien eta esku-langileen 20 postu paratu ziren, makina bat produktu salgai jarrita: gasnak, sagardoa, likoreak, kontserbak, marmeladak, taloak, zilarra, larrua, pomadak, zura, harria, burdina, xaboiak, ehunak, eta abar. Eguerdian jende ugari inguratu zen ohiko ‘Baztan zopak’ dastatzera. Arratsaldez, berriz, txikienek birziklatze-tailer batean parte hartzeko aukera izan zuten. Goizean Arizkungo txistulariek alaitu zituzten karrikak.

Aitzineko urteetan bezala, aharien lehiaketa egin zen, latxa arrazako Baztango aziendekin. Plazan 25 buru inguru bazeuden ere, 15ek baino ez zuten parte hartu lehiaketan. ‘Mutur gorri’ aziendei dagokienez, lehen saria (eskuz landutako kaikua eta 75 €) Felisa Ugarteren ahariak irabazi zuen (Arraiozko Indakoa baserria).  Bigarren saria (50 €) Sagrario Urrozen ahariak irabazi zuen (hori ere Arraiozkoa), eta hirugarren saria (30 €) Iruritako Juan Felix Alemanen ahariak. ‘Mutur beltz’ aziendei dagokienez, berriz, lehen saria (eskuz landutako kaikua eta 75 €) Miguel Angel Maritorenaren ahariak irabazi zuen (Iruritako Garnuxar baserria).  Bigarren saria (50 €) Soledad Iturbideren ahariak irabazi zuen (Erratzuko Xixperri baserria), eta hirugarren saria (30 €) Norberto Agerreren ahariak (Almandozko Etxotoa baserria).

Baztango Udalak eta Bertizko Turismo Partzuergoak antolatu zuten feria, eta horren barnean ‘Baztan-Bidasoako bizimoduen ibilbidea‘ izeneko azoka zegoen. Koordinazio-lan orokorra Baztan-Urdazubi-Zugarramurdiko garapen-agentziak hartu zuen bere gain.

Argibide gehiagorako:

  • Izaskun Abril. Baztan-Urdazubi-Zugarramurdi eskualdeko garapen-agentzia. Tel.: 606408613. Posta elektronikoa: baztan@cederna.es

 

Por | 2013-04-12T08:25:20+00:00 abril 12th, 2013|Albisteak|Comentarios desactivados en Mendialdetik: Udaberriko feria Baztanen