Baratze ekologikoen aldeko apustua

(Iturria: Diario de Noticias)

Baztan, Zangoza, Lesaka eta Lekunberrik, besteak beste, herri-lur txikiak ekologikoki kudeatzearen aldeko apustua egin dute, toki-garapena bultzatzeko eta enplegua sustatzeko bitarteko gisa. Cederna Garalur Elkarteak hainbat informazio- eta prestakuntza-saio burutu ditu, udalekin eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (NNPEK) lankidetzan, nekazaritza ekologikoa sustatzen interesa duten pertsonei informazioa helarazteko.

Pasa den abenduan baratzeak kudeatzearen inguruko lan-saio bat egin zen Elizondon, Cederna Garalur Elkarteak antolatuta, udalek, partikularrek eta eskualde-erakundek eskatuta. Saio horretan hainbat gai interesgarri landu ziren; besteak beste, tokian tokikoa kontsumitzearen aldeko apustua, tokian tokiko ekoizpena, merkaturatze-bide laburrak, eta, zenbait kasutan, herri-lurrak kudeatzea baratzezaintzarako. Hainbat udalek, Zangozak, Lesakak eta Lekunberrik kasu, horren aldeko interesa erakutsi dute.

Nafarroako Mendialdeko garapen-agentzian biltzen diren eskaerei sostengua eman asmoz, Cederna Garalur Elkarteak hainbat erakunderen lankidetza du (NNPEK eta INTIA, kasu), baita hainbat talderen, toki-erakunderen, enpresaren, ekoizleren eta bestelakoen esperientzia ere, guztiak sektorean lanean eta esperientzia interesgarriak lantzen dihardutenak: Josenea, Karrakela, ‘Asociación de Agroecología Arrea’ elkartea, eta abar. Lankidetza horrek aukera eman du baratzeak kudeatzeko modu desberdinak aztertzeko: aisiarako, ekoizpenerako eta enplegua sortzeko, eta gizarte-xedeetarako aukera gisa, gizarte-bazterkeria pairatzeko arriskua edo zailtasunak dituzten pertsonak gizarteratzen lagunduz. Cederna Garalur Elkartearen zuzendari-gerente Isabel Elizaldek azaldutakoaren arabera, «baratze-eredu jasangarria eta hurbilekoa bultzatzea da kontua, produkzio-soberakinei irteera emateko, tokian tokiko elikagai-eskaerari erantzuteko, eta landu daitezkeen lurzati txikiei erabilgarritasuna emateko baliagarria izanen den eredua».

Jardunaldi horren ondoren, toki-erakundeek bultzatutako baratzeak ezartzearen aldeko interesak gora egin du, baita partikularrek aukera desberdinak ezagutzearen aldeko interesak ere. Eskaera horiei erantzun asmoz, hainbat saio eta prestakuntza-ikastaro proposatu dira, baratzeak ardatz hartuta. Ikastaro horiek LGP 2007-2013 (LEADEReko 4. ardatza) programako funtsekin finantzatu dira, eta Europar Batasunaren (Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren -LGENF- bidez) eta Nafarroako Gobernuaren baterako finantziazioa dute: % 55 eta % 45, hurrenez hurren.

«Orain arte, proposamenak harrera ezin hobea jaso du aurkeztu den leku guztietan. Aitzina egiteko, informatzen eta interesa duten pertsonak prestatzen jarraitzeko garaia da. Kontsumitzaile-taldeen eta ekoizleen, denden eta, oro har, herritar guztien arteko topaketa bultzatzeko garaia ere bada, gure herrietan eta ibarretan bertako produktuen kontsumoa bultzatze aldera», Elizalderen hitzetan.

Topaketak abiapuntu izan dira lan-estrategia eta ildo berriak lantzeko eta zehazteko. Horrela, agerian geratu da laborantzak dibertsifikatu beharra dagoela, eta, batez ere, argi eduki behar dugula zein baliabide ditugun kasu bakoitzean. Ildo horretan, Cederna Garalur Elkarteak azpimarratu nahi du zenbatekoa izan daitekeen baratzeen eginkizuna dibertsifikaziorako eragile gisa, eta, hortaz, herrietan enpleguari eusteko eta enplegua sortzeko tresna gisa. Garapen-agentzien bulegoetara heltzen diren eskaeretatik anitz lanik ez duten pertsonek egindakoak dira; horiek, baratzezaintzan ikusten dute lan-arloan irtenbide bat bilatzeko aukera.

Cederna Garalur Elkartearen zuzendari-gerentearen hitzetan, «Kontua da baratzeak bizimodu osasuntsurako, belaunaldien arteko topalekurako, kudeaketa mankomunaturako erreferente gisa, produktu ekologiko eta bertako produktuen erreferente gisa bultzatzea. Mahai gainean dago, halaber, lur- eta hazi-bankuak sortzeko aukera, lur horiek lantzeko eskubide unibertsala (udalaren herri-lurren kasuan), eta banaketa-bide laburrak eta ekoiztutakoa tokian bertan saltzea bultzatzea».

Ekimen horren asmoa da erakustea gaur egun bizi ditugun une larri hauetan ere badela enplegua sortzeko eta landa-eremuen bizi-kalitatea hobetzeko aukerarik, «betiere, herritarren, instituzioen eta gizarte-eragileen konpromisoarekin». Horregatik, arrakasta lortuko badugu, Cederna Garalur Elkartearen iritziz, «nahitaezkoa eta beharrezkoa» da inplikaturik eta interesaturik dauden pertsona guztien konpromisoa eta parte-hartzea, instituzioen arteko koordinazioa, eta ekimen pribatua (ekoizleak, dendak, catering-enpresak, eta ekoiztutakoaren eskatzaileak) eta ekimen publikoa, eta, oro har, populazio osoak (kontsumitzaileak diren aldetik) horretan parte hartzea.

Por | 2013-05-17T12:29:43+00:00 mayo 17th, 2013|Albisteak|Comentarios desactivados en Baratze ekologikoen aldeko apustua