Mendialdetik: Bortzirietako abeltzainek on-line izapideak egiten ikasi dute Nafarroako Gobernuko Abeltzaintzako Bulego Birtualaren bidez.

(Iturria: Nafarroako Gobernua)

Nafarroako Gobernuak INTIArekin lankidetzan Abeltzaintzako Bulego Birtual horren funtzionamendua zertan den azaltzeko abiarazi duen dibulgazio-kanpainaren barnean, pasa den maiatzaren 14 honetan ikastaro bat antolatu dute Cederna Garalur Elkarteak Lesakako Alkaiaga industrialdean duen Enpresei bideratutako Zerbitzu Zentroan. Aipatu ikastaroan Malerrekako eta Bortzirietako 15 abeltzainek hartu dute parte.

Nafarroako Gobernuko Abeltzaintzako zerbitzuak martxan jarritako Abeltzaintzako Bulego Birtualak aukera ematen die abeltzainei telematikoki beren jarduerarekin lotura duten 10 izapide egiteko. Horren bidez, erosotasunaz gain, abeltzainen joan-etorrietan denbora eta dirua aurreztea lortu nahi da, baita administrazioaren aldetik kudeaketak azkartzea eta kudeaketa horiek eraginkorragoak izatea ere.

Honako kudeaketa hauek egin daitezke: aziendaren mugimendurako gidak eskatzea eta inprimatzea; ustiapenaren abelburuen liburua lortzea; alten eta bajen liburua lortzea; jaiotzen berri ematea; behi-azienden identifikazio-dokumentuak inprimatzea; belarritakoen eta identifikagarrien kopiak eskatzea; abelburuan sarrera baieztatzea; erroldak eguneratzea; Abeltzaintza Zerbitzuaren mezuei eta ohartarazpenei buruzko informazioa jasotzea (laguntzen ordainketa, saneamenduaren emaitzak, eta abar); eta informazioa Excel fitxategi batera esportatzea. Aurrera begira zerbitzu gehiago ematea dago aurreikusita.

Informatika-aplikazio horretara sartzeko, Nafarroako Gobernuan dagoen erroldan erregistraturik egon beharko duen abeltzaintza-ustiategiko titularra izan behar da.

Argibide gehiagorako:

  • Abeltzaintzako Bulego Birtualak. Nafarroako Gobernuko Abeltzaintzako. http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/2368/Obtencion-de-guias-de-origen-y-sanidad-pecuaria#presentacion
Por | 2013-05-20T09:05:46+00:00 mayo 20th, 2013|Albisteak|Comentarios desactivados en Mendialdetik: Bortzirietako abeltzainek on-line izapideak egiten ikasi dute Nafarroako Gobernuko Abeltzaintzako Bulego Birtualaren bidez.