20 lagunek hartu dute parte “Garai nahasietan saltzea” izeneko ikastaroan

Tailerra Cederna Garalur Elkarteak antolatu zuen merkataritza- eta ostalaritza-sektorean salmenta-teknikak sustatze aldera, eta martxoaren 4an, 11n eta 18an eman zen gure elkarteak Alkaiagan (Lesaka) duen egoitzan.

Ikastaroa Europar Batasunak eta Nafarroako gobernuak finantzatu dute LGP 2007-2013 programaren bitartez. Miguel Iribertegui, salmenta-tekniketan adituak eman du ikastaroa. ‘Bortziriak – Bidasoa’ eskualdeko tokiko garapen-eragile Arantxa Arregiren hitzetan, «bere eskarmentu zabalarekin salmentarako formula berriak eta, batez ere, hobetzeko proposamenak eman dizkie Bidasoako dendei eta ostalaritza- eta zerbitzu-establezimenduei«.

Denetara hainbat sektoretako 20 lagunek (merkataritza, ostalaritza, zerbitzuak, besteak beste) hartu dute parte hiru prestakuntza-saioetan, eta oso «balorazio positiboa» egin dute horietaz.

Arantxa Arregiren esanetan, «salmentaren arloan pairatzen ari garen garai zail eta korapilatsu hauetan, salmentak nola areagotu erakutsiko duten profesionalen laguntza inoiz baino garrantzitsuagoa da, ez soilik teoria azalduz, baita eredu praktikoak erakutsiz ere. Kontzeptua aldatu beharra dago, ez da «erosten didate» baizik eta «saltzen dakit«. Horregatik guztiagatik, Cederna Garalur Elkarteak «lanean jarraituko du Nafarroako Mendialdeko herritarrei eskualde-garapena eta etekina ekarriko dizkieten jarduerak eta proiektuak hurbiltzen eta bideratzen«.

Por | 2014-04-15T09:38:25+00:00 marzo 25th, 2014|Albisteak|Comentarios desactivados en 20 lagunek hartu dute parte “Garai nahasietan saltzea” izeneko ikastaroan