Cederna Garalur Elkarteak energia-eragimena hobetzeko proiektuetarako laguntzei buruzko bi saio antolatu ditu

ENERGIA_CEDERNA

  • Nafarroako Gobernuak energia-eragimena hobetzera eta energia berriztagarriak erabiltzera bideratuko diren proiektuetarako aurki deituko duen laguntza-deialdia da.
  • Saioak Irunberrin eta Donezteben izanen dire, martxoaren 27an eta 30ean, hurrenez hurren.

Cederna Garalur Elkarteak bi saio antolatu ditu, Nafarroako Gobernuarekin batera, instalazio publikoetan energia-eragimena hobetzera, energia berriztagarriak sustatzera eta mugikortasun jasangarria bultzatzera bideratutako proiektuetarako laguntza-deialdiari buruzko informazioa emateko. Hitzaldiek bina iraupen-ordu izanen dituzte, eta Irunberrin (martxoaren 27a, 12:30ean) eta Donezteben (martxoaren 30a, 17:00etan) izanen dira.

Europar Batasunak, klima-aldaketaren aurka egiteko eta ekonomia-hazkunde jasangarritasuneko estrategiaren barnean, hamarkada honetan berotegi-efektuko gasak % 20 murriztea, % 20 energia-iturri berriztagarrietatik lortzea, eta energia-eragimena % 20 areagotzea erabaki du. «20-20-20» plan hori «Nafarroako Energia Plana – 2030. urtea Helburu» izeneko planaren barnean jasotzen da, eta horren barruan laguntza horiek.

Hurrengo deialdia toki-erakunde publikoentzat da, eta hiru ekimen-mota lagunduko ditu diruz:

  • Herriko argi-instalazioak berritzea, 250 biztanletik beherako herrietarako soilik.
  • Energia berriztagarrietako instalazio berriak, erabilera termikorako eta elektrizitatea sortzeko.
  • Mugikortasun jasangarriko proiektuak: bai ibilgailu elektrikoak (autoak, autobusak, anbulantziak, furgonetak edo bizikleta elektrikoak), bai kargatokiak.

Deialdia argitara emanda, toki-erakundeek 45 eguneko epea izanen dute proiektuak aurkezteko; horiek, norgehiagokako prozeduraz baloratuko dira.

Hitzaldietan xehetasunez azalduko dira zein diren diruz lagun daitezkeen kontzeptuak, baita diru-laguntzen zenbatekoa, proiektuek bete behar dituzten baldintzak, eta proiektu horiek ebaluatzeko irizpideak ere.

Interesa duten erakundeek izena eman dezakete; Irunberriko hitzaldirako, pirineo.admon@cederna.es helbidera idatzita, edo Doneztebeko hitzaldirako, bidasoa.admon@cederna.es helbidera idatzita.

Por | 2018-03-28T09:50:40+00:00 marzo 23rd, 2017|Albisteak|Comentarios desactivados en Cederna Garalur Elkarteak energia-eragimena hobetzeko proiektuetarako laguntzei buruzko bi saio antolatu ditu