Aurki irekiko da efizientzia energetikoa hobetzeko toki-erakundeei bideratutako laguntzen deialdia

Nafarroako Gobernuko Industria Departamentua aurki zabaltzekotan da toki-erakundeei bideratutako diru-laguntzen deialdia, energia aurreztea eta energia berriztagarriak erabiltzea sustatzeko helburuarekin. 2017an Cederna Garalur Elkarteko energia-aholkularitzako zerbitzuak milioi bat eurotik gora izapidetu zituen toki-erakundeen artean energia-kontsumoa hobetzeko 32 proiektutarako.

Iaz bezala, laguntza horiek hiru ildo dituzte: efizientzia energetikoa hobetzeko laguntzak, energia berriztagarrietako eta biomasako instalazioak, eta mugikortasun elektrikoa sustatzea. Laguntzek, 2017an emandakoen antzekoak oinarriei dagokienez, berrikuntza nabarmenak dituzte; aipagarriena da laguntza horiek toki-erakunde guztietara zabaltzen direla, biztanle-kopurua edozein dela ere. Horrez gain, deialdi berriak laguntzak emanen ditu eraiki publikoetako barrualdeko argiteria berritzeko ere. Halaber, laguntza berriek 10 puntu ere eman ditzakete baldin eta toki-erakundeek arestian aipatutako hiru laguntza-ildo horietan neurriak txertatuko dituen 3 urteko energia-plana diseinatzen badute. Orobat, 10 puntu ere jaso dezakete toki-erakundeetako berdintasun-planek.

2017an bezalaxe, diru-laguntzak % 50 eta % 60 dira energia berriztagarriak instalatzeko eta kaleko argiteriarentzako, hurrenez hurren. Laguntzen muga 50.000 € da berriztagarrien kasurako, eta 30.000 € herriko argiteria berritzeko. Mugikortasun elektrikoa sustatzeko neurrien kasuan, ibilgailuek jaso dezaketen diru-laguntzaren % 30eraino subentzionatuko da, eta % 80raino birkargatzeko terminalak jartzeko.

Epea zabalduta, interesa izan dezaketen toki-erakundeek 45 egun izango dituzte eskaerak aurkezteko. Egindako inbertsioak aurkezteko epea 2018ko urriaren 31n bukatuko da.

Informazio sakona jasotzeko, eta egin daitezkeen kontsultei erantzuteko, Nafarroako Gobernuak hiru informazio-saio antolatu ditu Nafarroako Mendialdean: apirilaren 16an (astelehena), Lekunberrin, Udaleko osoko bilkuren aretoan, 11:00etan; apirilaren 18an (asteazkena), Zangozan, kultura-etxean, 18:00etan; eta apirilaren 25ean (asteazkena) Donezteben, Malerreka Mankomunitatearen egoitzan, 17:00etan. Iruñean saio ireki bat eginen da apirilaren 19an (osteguna) Condestable jauregian, 10:00etan.

Neurri horiek 2030erako Nafarroako Energia Planaren barnean txertatzen dira, helburua izanik, besteak beste, % 21etik % 50era igotzea energia berriztagarrien kontsumoa eta, horrela, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioa % 45 murriztea, eta % 10 energia primarioen kontsumoa.

Argibide gehiagorako:

  • David Gordejuela. Energia Cederna Garalur. Posta elektronikoa: energia@cederna.eu
Por | 2018-04-18T07:21:28+00:00 abril 18th, 2018|Albisteak|Comentarios desactivados en Aurki irekiko da efizientzia energetikoa hobetzeko toki-erakundeei bideratutako laguntzen deialdia