Cederna Garalur Elkarteak 1,7 milioi euro inbertituko ditu Nafarroako Mendialdean toki-garapenerako 50 proiektutan

  • Proiektuak Cederna Garalur Elkartea 2014-2020 TGPE landa-garapenerako programaren bitartez daude finantzaturik.
  • Cederna Garalur Elkartearen 2014-2020 aldirako TGPEren bigarren deialdira 91 proiektu aurkeztu ziren; horietatik, 50ek laguntza jasoko dute, deialdiko funtsak bukatu arte.

Cederna Garalur Elkarteak TGPE 2014-2020 toki-garapenerako estrategiaren bigarren deialdian aukeratuak izan diren 50 proiektuen berri eman du. Denetara, 50 proiektuek 1.772.000 €-ko laguntza jasoko dute, Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasunak, LGP 2014-2020 Landa Garapenerako Programaren bitartez, batera finantzaturik.

Aukeratutako proiektuetatik 16, enpresek aurkeztutako «ekoizpeneko» proiektuak dira, eta 34 «ez-ekoizpenekoak«; zerbitzu publikoak hobetzera bideratu dira, enpresa lokalak aitzindari direla. Proiektuen bigarren deialdi honetan, Elkarteak tokian tokiko produktuetan oinarritutako nekazaritza-elikagaien dibertsifikazioarekin, tokiko merkataritzaren dinamizazioa sustatzearekin edo natura-ibilbideak eta -bidezidorrak egokitzearekin («Xabierreko Lurrak» lau Nordic Walking zentroak, edo Plazaolako natura-bideko bidezidorrak Leitzan, GR Errege Bidearen homologazioa Erronkari Ibarrean) lotura duten jarduerak azpimarratu ditu.

«Ekimen pribatuen artean nekazaritzako elikagaien sektorea arian-arian bere onera etortzen ari dela ikusi dugu, tokiko produktu tradizionalari balioa ematen dioten proiektuen bitartez. Horren lekuko ditugu: Olaguen zabalduko duten artisau-gaztandegi bat, ardi-esnez egindako gaztak eta postreak eginen dituena; Erronkariko zenderena ondu tradizionala berreskuratzea; edo Pirinioetako lehen kalitateko nekazaritzako elikagaien salmenta-zirkuitu laburra eta ardotegia uztartzen dituen Agoizko ostalaritza-establezimendu bat», Cederna Garalur Elkartearen hitzetan. Azaldu dute, halaber, «garrantzitsua iruditzen zaigu toki-erakundeek tokiko merkataritza suspertzen egiten duten ekarpena«; besteak beste, Etxarri Aranazko Udalak herrian tokiko produktuak merkaturatzeko eremu estali bat sortzeko garatu duen proiektua; eta Baztango Udalak Elizondon garatu nahi duen tokiko merkataritzaren inguruko sentsibilizazio-kanpaina.

Mantentzen den beste ildo bat tokiko ondarea berreskuratzea eta horri balioa ematea da: besteak beste, tokiko ondarea erakusteko areto berria Jaurrietan; Erronkariko, Eloko eta Eslabako informazio- eta interpretazio-zentroak; eta Artaizko horma-pinturak berreskuratzea bereizmen handiko argazkigintza eta beira-zuntza eta gel-papera uztartzen dituen teknika berritzaile baten bitartez.

Elkarteak, halaber, eskualdean eragina izanen duten proiektuen aldeko apustua egiten jarraitzen du; esate baterako, Esteribarko BTT zentroa, edo Erroibar-Orreagako parke mikologikoa martxan jartzea.

Cederna Garalur Elkartearen TGPE 2014-2020 programara proiektuak aurkezteko bigarren deialdia 2017ko abenduan itxi zen. 93 ekimen aurkeztu ziren, eta horietatik 70 esleipen-fasera pasa ziren. Horietatik 50 diru-laguntza publikoa jaso dute, deialdiak dituen funtsak bukatu arte; hau da, 1,7 milioi eurotik zertxobait gora.

Argibide gehiagorako:

  • Edurne Elso. Cederna Garalur Elkarteko garapen-teknikaria. : 669 70 45 06. Posta elektronikoa: eelso@cederna.es
  • Ibon Mimentza. Cederna Garalur Elkarteko zuzendari-gerentea : 948 20 66 97. Posta elektronikoa: imiemntza@cederna.es.
Por | 2018-05-28T08:20:19+00:00 mayo 28th, 2018|Albisteak|Comentarios desactivados en Cederna Garalur Elkarteak 1,7 milioi euro inbertituko ditu Nafarroako Mendialdean toki-garapenerako 50 proiektutan