Cederna Garalur Elkarteak eta Zangozako Sierra de Leyre BHIk lankidetzan dihardute Zangozerriko enpresa- eta kultura-arloari buruzko jardunaldi pedagogikoetan

  • Jardunaldiek, Sierra de Leyre BHIk eta Cederna Garalur Elkarteak lankidetzan antolatuta Zangozerriko hainbat enpresarekin batera, ikastetxeko ikasleei aukera eman diete haien ingurune hurbileneko enpresa- eta kultura-arloko esperientzietara hurreratzeko eta esperientzia horiez ikasteko.

«Balorazioa guztiz positiboa izan da». Halaxe adierazi du «Nola prestatu gure burua enplegurako eta autoenplegurako: Zangozerriak ematen dituen aukerak» izenburua zuten jardunaldien antolakuntzak. Jardunaldiak ekainaren 5etik 14ra bitartean egin dira Sierra de Leyre BHIn, eta Zangozerriko enpresak, ekintzaileak eta instituzioak alde batetik eta DBHko 4. mailako eta batxilergoko ikasleak, bestetik, elkartu ditu.

Sierra de Leyre institutuak berak eta Cederna Garalur Elkarteak antolatu dute hezkuntza-ekimen pilotu hori, helburua izanik Zangozerriko gazteek beren eskualdean enpresaren eta kulturaren arloetan dituzten aukerak ezagutzea, geroan lurraldera erroturik egongo diren profesional onak bihur daitezen, beren lurraldea ezagutuko, errespetatuko eta balioa emango dioten herritar aktibo izan daitezen.

Ekintzailetzari buruzko jardunaldietan, ikasleek Amaia Zaritiegiren eta Iker Iberoren esperientzia ekintzaileak ezagutu zituzten: lehenak Nafarroako ekintzaile gaztearen saria jaso zuen 2017an, eta bigarrena 3D-ko animazioan espezialista da eta bere sorterrira itzulita ekintzaile gisa izandako esperientziaren berri eman zuen. Horrez gain, Smurfit Kappa, Viscofan eta Geoalcali enpresetako ordezkariek enpresetan lana nola antolatzen den, zein diren gehien eskatzen diren profilak, lanbide-gaitasun on bat izateak duen garrantzia eta enpresaren proiektu berriak zein diren azaldu zuten. Cederna Garalur bere aldetik, EBk ikasteko eta lan egiteko ematen dituen aukerekin osatu zuen hitzaldia.

Bestalde, neska-mutilek Arangoitzeko gazteluaren inguruak garbitzeko lanetan parte hartu dute beren borondatez. Gaztelua Zangoza Hiriko garai bateko gotorlekua zen; hori leheneratzeko eta balioa emateko, udalak berriki 41.918 euroko diru-laguntza jaso du 2014-2020 aldirako Cederna Garalur TGPEren azken deialdian, Nafarroako Gobernuaren eta EBren LGENF funtsen baterako finantziazioarekin.

Esperientziak oso balorazio positiboa jaso du ikastetxearen eta ikasleen beraien aldetik. Ikastetxeko zuzendaritzak astean zehar izandako parte-hartze maila (guztiz boluntarioa) azpimarratu du, eta ekimenean parte hartu duten pertsona eta erakunde guztien inplikazioa eskertu du zinez: Amaia Zaritiegi, Iker Ibero, Iñaki Urdazi eta Raquel Espuelas (Smurfit Kappa); Roberto Bandres (Viscofan); Estibaliz Garcia eta Susana Bieberach (Geoalcali); Iñaki Sagredo, «Arangoitzeko gaztelua» proiektuko arduraduna, eta Gabriela Orduna, Cederna Garalur Elkarteko garapen-eragilea.

Era berean, enpresek eskerrak eman dituzte lurraldeko beste konpainia batzuekin partekatu duten eta Zangozerriko gazteriaren lan-orientaziora bideratutako programa pedagogikoan parte hartzeko aukera izateagatik, aukera eman baitu tokiko aukerak bistaratzeko eta eskualdeko ehun ekonomikoaren ezagutza hobetzeko.

Argibide gehiagorako:

  • Gabriela Orduna. Cederna Garalur Elkarteko tokiko garapen-eragilea. : 6399044001. Posta elektronikoa: sanguesa@cederna.es
Por | 2018-06-22T12:29:34+00:00 junio 25th, 2018|Albisteak|Comentarios desactivados en Cederna Garalur Elkarteak eta Zangozako Sierra de Leyre BHIk lankidetzan dihardute Zangozerriko enpresa- eta kultura-arloari buruzko jardunaldi pedagogikoetan