Baztango ordezkariak, Lursarea eta Cederna Garalurrekin batera Adecuarako (Jaka) nekazaritza-elikagaien mintegia bisitatu zuten.

Ekainaren 20an, Baztango, Cederna Garalur Elkarteko eta Nasuvinsa ordezkaritza batek Adecuarako (Jaka) nekazaritzako elikagaien mintegia bisitatu zuen, mintegiaren kudeaketa-eredua ezagutzeko eta Baztanen halakorik egin daitekeen aztertzeko.

Baztango ordezkariak Joseba Ortondo (Baztango alkatea), Itziar Larretxea, Lorentzo Sarratea eta Jesus Angel Gartziade (‘Baztango zaporeak’ nekazaritzako elikagai-ekoizleen elkartekoak) izan ziren, eta Cederna Garalur Elkarteko ordezkaria, berriz, Marian Cestau (tokiko garapen-eragilea). Horiez gain, Arantxa Arregi ere bertan izan zen (Nasuvinsako ‘Lursarea’ jasangarritasunerako agentzia).

Adecuara tokiko ekintza-talde bat da, Jacetania eskualdekoa. Taldeak Jaka-Biescaseko elikagai-enpresen mintegia (nekazaritzako elikagaiak lantzeko gelak edo lanlekuak dituen lan-eremu partekatua) kudeatzen du. Gaur egun, nekazaritzako elikagaien 10 enpresa daude lan-eremu horretan; haragi-sektorekoak, esneki-, postre- eta likore-ekoizleak.

Baztango ordezkarientzat bereziki interesgarria izan zen mintegiko enpresa ekoizleen osasun-erregistroa kudeatzeko eredua, Adecuarak osasun-erregistro global bat kudeatzen baitu osasun-agintaritzaren aitzinean, eta aldi berean, enpresa bakoitzak bere produktuen identifikazioari eta trazabilitateari eusten dio; horrela, elikagaien kalitatea eta segurtasuna bermatzen dira eta, era berean, administrazioaren aurrean egin beharreko izapide burokratikoak errazten dira.

2016az geroztik, Baztango Udalak eta Cederna Garalur Elkarteak ‘Baztango zaporeak’ Elkartea sendotzen lagundu dute. Elkartea Baztan Ibarreko nekazaritzako elikagaien hainbat ustiategik eratu zuten, ibarrak berezkoa duen nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren kalitatea merkatuan sustatu eta balioa emateko. Orduz geroztik, hainbat ekimen landu dira produktu horiek sustatze aldera: zirkuitu laburreko banaketa-bideak sustatzetik hasi, eta ekoizpenaren kudeaketa errazteko aukerak aztertzeraino (Jakako Adecuararena eredu hartuta).

Por | 2018-11-08T11:33:03+00:00 julio 18th, 2018|Albisteak|Comentarios desactivados en Baztango ordezkariak, Lursarea eta Cederna Garalurrekin batera Adecuarako (Jaka) nekazaritza-elikagaien mintegia bisitatu zuten.