Cederna Garalur Elkarteak babesa eman du Nafarroako Museoan ikusgai dauden Artaizko San Martinen horma-irudiak leheneratzeko.

  • Argazki-irudi eta gel-paper bidez landutako proiektu berritzaile baten bitartez. Europak eta Nafarroako Gobernuak finantzatu dute 2014-2020 Landa Garapenerako Programaren bidez.
  • Lanak aurtengo azaroaren hasieran bukatzea espero da.

Abuztuaren 9an (osteguna) aurkeztu dute Artaizko San Martin eliza erromanikoan elizako margolanak erreproduzitzeko eta leheneratzeko asmo handiko proiektu bat. Margolan horiek, gaur egun, Nafarroako Museoan daude ikusgai.

Aurkezpenean Honako hauek egon ziren: Antonio San Miguel, Untzitiko alkatea; Judit Alberitz, Artaizko Kontzejuko presidentea; Miguel Angel Redin, Artaizko apaiza; Violeta Romero, Vianako Printzea Erakundeko Ondare Historikoaren Zerbitzuko zaharberritzailea; eta Carlos Garcia eta Ibon Mimentza, Cederna Garalur Elkartekoak.

Cederna Garalur Elkarteko eragile Carlos Garciaren hitzetan, «Proiektu hau benetan esanguratsua da landa-eremuan, iraganean galdutako edo migratutako ondare artistikoa jatorrizko kokalekura bueltatzea lortu nahi baitu, eta horrez gain, lanei benetako dimentsio espirituala itzuli nahi zaie, Erdi Aroko arte-lanen xede nagusia, Untziti Ibarrari turismo-xarma berri bat emateaz gain».

Datozen hilabeteotan leheneratuko diren horma-margoak 1958an eraman zituzten Nafarroako Museora, elizako erretaula desmuntatu eta gero bertan topatu ondoren. Bi margolan-multzo daude: lehenak eta interesgarrienak, XII. mendearen amaierakoak, estilo gotikorako trantsiziokoak dira garai hartako bizantziar korronteari jarraiki, eta eliza garailearen bildotsaren gurtzaren gai apokaliptikoa irudikatzen dute. Horrez gain, XVI. mendekoa den absideko gangari pintzelkadez egindako apaindura gailentzen da.

Lanaz arduratuko den enpresa ‘Arsus Paper’ da, eta landuko den prozesu konplexua honetan datza: bereizmen handiko argazki digitalak aterako zaizkie Nafarroako Museoaren zaintzapean dauden piezei, eta ondoren, prozesatu eginen dira absidearen azalera konkabora egokitzeko; irudiak gel-paperean inprimatuko dira tinta bereziekin;  gel-paper horri hezetasuna aplikatzen zaionean irudia pareta porotsura finkatzea ahalbidetzen du, kasu honetan absideko paretetara, aurrez morteroz eta hareaz luzituak; hori guztia, horma-margoak leheneratzeko teknika tradizionalei jarraiki.

Prozesua benetan berritzailea da, Katalunian dagoeneko erabilia. Emaitzak ezin hobeak dira, eta «jatorrizko horma-irudiaren kalitatea eta testura» berreskuratzen ditu, Vianako Printzea Erakundeko zaharberritzaile Violeta Romeroren hitzetan.

Toki-ordezkarien nahia litzateke lanak azaroaren 11rako bukatuta egotea, egun hori baita San Martin eguna, Artaizko jaiak.

Carlos Garciaren iritziz, lan hori eredugarria da alderdi teknikoari eta hainbat erakunderen borondateari eta koordinazioari erreparatuta. «Proiektua Untzitiko eta Itzagaondoko udalen borondateari esker atera da aitzina. Bi udal horiek eskualdearen turismo-garapenaren aldeko apustua egin zuten 2006an, ondare historikoa eta artistikoa zainduz eta balioa emanez Petrus Ibilbidearen bitartez. Udalek betidanik izan dute Cederna Garalur Elkartearen babesa».  Nafarroako Gobernuaren, Vianako Printzea Erakundearen eta Iruñeko artzapezpikutzaren borondatea azpimarratu du: «hasieratik beretik begi onez ikusi zuten asmoa, eta baimen guztiak eman dizkigute».

Proiektuaren kostua 30.902 € da, eta % 70 Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasuneko LGENF funtsek finantzatuko dute, 2014-2020 Landa Garapenerako Programaren bitartez. Untzitiko Udalak (horren barnean kokaturik dago Artaizko Kontzejua) 7.000 € jarriko ditu, eta La Caixa gizarte-ekintzak 2.000 €.

Por | 2018-11-08T11:37:55+00:00 agosto 10th, 2018|Albisteak|Comentarios desactivados en Cederna Garalur Elkarteak babesa eman du Nafarroako Museoan ikusgai dauden Artaizko San Martinen horma-irudiak leheneratzeko.