Petilla de Aragonek eta Luarcak Nobel Hirien senidetzea izenpetu dute

Pasa den irailaren 7an, eta Karitatearen Andre Mariaren ohorez egiten diren herriko jaien barruan, Asturiasko Luarca herriko ordezkaritza bat gonbidatu zuen Petilla de Aragonek Nobel Saridunen herriak diren bi udalerri horiek senidetzeko. Bi udalerrietako alkateek (Florentino Aguas Petillakoa eta Simon Guardado Luarcakoa) agerian utzi nahi izan dute horrela «Nobel saridunen nazioarteko herrien sare bat» sortzeko apustua, saridun horien irudiaren bitartez, kultura, ekonomia eta turismoa sustatze aldera.

Irailaren 8an, larunbata, ezohiko bilkura egin zen Nafarroako plazan, eta 200dik gora lagun bertaratu ziren. Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizalde buru zela, Zangozerriko eta Aragoiko Bortzirietako ordezkariak, Ana Lizarraga (Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritza Nagusiko Marketineko zuzendaria) eta Nafarroako, Aragoiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko medikuntza-arloko beste erakunde eta pertsona ospetsu batzuk egon ziren. Cederna Garalur Elkartea ordezkatuz, Ibon Mimentza (erakundearen kudeatzailea) eta Gabriela Orduna (Zangozerriko garapen-eragilea) egon ziren.  

Ekitaldi instituzionala bukatuta, gonbidatuek, Venancio Murillo eta Jesus Landeira (Petillako eta Luarcako alkate ohiak, hurrenez hurren) lagun zituztela (Severo Ochoa bizirik ezagutu zutenak), Santiago Ramon y Cajalen sortetxea ezagutzeko parada izan zuten. Bertan, Petillako mediku eta Cajalen biografo ofizial Pedro Uhaltek Asturiasko Nobel saridunak Nafarroako Nobel saridunarekiko zuen harremanari eta mirespenari buruzko azalpen sentikor bat egin zien bertaratuei. Halaber, Ochoak Cajalen sorterria zen Petillara egindako bisitaren hainbat alderdi kutun ere azaldu zituen. Ekitaldi sozialari amaiera emateko, Nafarroako hainbat medikuk omenaldia egin zioten Santiago Ramon y Cajali, eta halaber, Eduardo Martinez Vilak hitz batzuk esan zituen harenganako.

Santiago Ramon y Cajal Petilla de Aragonen sortu zen 1852an. Fisiologia eta Medikuntzako Nobel Saria jaso zuen 1906an, nerbio-sistemaren egituraren inguruan egindako aurkikuntzarengatik, berebiziko eragina izan baitzuen Espainiako zientziak aurrera egiteko. Izan ere, haren lanek Severo Ochoaren ikerkuntza-bokazioari hasiera eman zioten. Severo Ochoa Luarcan sortu zen 1905ean, eta 1952an Medikuntzako Nobel Saria jaso zuen, RNAren eta DNAren sintesi-mekanismoaren inguruan egindako aurkikuntzagatik.

Severo Ochoak sekula ez zuen ezkutatu Nafarroako zientzialariarenganako miresmena. Hartaz hauxe esan zuen: «Gizateriak izan duen zientzialaririk handienetako bat da, Galileoren, Newtonen, Pasteur-en nahiz Einsteinen parekoa. Beren obrarekin unibertsoa, natura, bizitza eta geure burua ezagutzea ahalbidetu zuten«.

Bi herrien arteko senidetzearen asmoa da Nobel Saridunen Hirien Sare bat sortzeko hazia izatea. Italiako Corteno-Golgi herriak, 1906an Fisiologia eta Medikuntzaren Nobel Saria jaso zuen Camilo Golgiren sorterriak, dagoeneko sarean parte hartzeko interesa erakutsi du. Petillako alkate Florentino Aguasen iritziz, sare hori «aukera ezin hobea litzateke gure lurretako turismo zientifikoa eta herri-turismoa sustatzeko, jarduera zientifiko eta profesionalak eta jarduera kultural eta dibulgaziokoak antolatuz publiko zabalago batentzat; horrek, ondorio ekonomiko garrantzitsuak izan ditzake landa-eremuan«. Gabriela Ordunak, bestalde, hauxe azpimarratu zuen: «Europako Nobel Saridunen Hirien Sarea landa-eremuetako turismoaren eta ekonomiaren aldeko apustu berritzailea da, haien talentuarekin mundu zabalean beren sorterriak ezagutzera eman zituzten pertsonalitate zientifikoei balioa emanez«.

Por | 2018-11-08T11:31:03+00:00 septiembre 12th, 2018|Albisteak|Comentarios desactivados en Petilla de Aragonek eta Luarcak Nobel Hirien senidetzea izenpetu dute