Cederna Garalur Elkarteak Ederbidea proiektua koordinatzeko bileran parte hartu du

  • Bilera Bertizko jauregian egin zen martxoaren 11n. Bertan izan ziren mugaz gaindiko proiektu honetan parte hartzen duten erakunde guztietako ordezkariak.

Martxoaren 11n ‘Ederbidea’ Europako mugaz gaindiko lankidetza-proiektuaren gidaritza-batzordearen bilera egin zen Bertizko natura-parkeko jauregian, Oieregin. Cederna Garalur Elkartea bazkide da proiektu horretan.

Horrez gain, koordinazio-bilera horretan Nafarroako Mendialdeko beste hiru erakunde bazkidek ere parte hartu zuten: Imozko Udalak, Plazaolako Turismo Partzuergoak eta Baztan-Bidasoa turismo-taldeak. Halaber, bertan ziren Pirinio Atlantikoetako Departamentua (talde-buru gisa), Nafarroako Gobernua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Herria – Adurreko mugikortasunaren sindikatua, eta Biarrizko, Irungo, Donibane Lohizuneko eta Hendaiako Udalak.

Bileran, bazkideek 2018an gauzatutako jarduketen balantzea egin zuten, baita 2019rako aurreikuspena ere. Azken horien artean ditugu: Bidasoako eta Plazaolako natura-bideak elkarrekin lotzea Doneztebe eta Irurtzun lotuko dituen txirrindularientzako bide-tarte berri baten bidez. Nafarroako Gobernuak, lanen arduradunak, berriki argitaratu du lanen lizitazioa.

Hurrengo egunean, martxoaren 12an, Cederna Garalur Elkarteak ‘Ederbidea, turismoa eta bizikleta’ izeneko lehen jardunaldian parte hartu zuen. Jardunaldia Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak antolatu zuen Bertizen. Irantzu Pastor, tokiko turismoa sustatzeko Baztan-Bidasoako udalak elkartzen dituen Uraren Bailarak elkarteko turismo-teknikariak honela adierazi zuen: “Baliagarria izan zitzaigun ziklo-turismo jasangarriarekin lotura duten esperientzia arrakastatsu eta berritzaileak ezagutzeko eta elkarri trukatzeko. Ziklo-turismoa aukera handiak ditu gure eskualdeetan, eta hori baliatuz, besteetatik desberdindu nahi dugu, Bidasoako natura-bidearen bultzada eta Ederbideak nazioartean eman diezagukeen aukera aprobetxatuz, Baiona, Donostia eta Iruñea bizikleta-ibilbideekin lotuko direla baliatuz. Denetara, 240 km izanen ditu bideak bizikletan egiteko. Bide batez, garraio jasangarria bultzatzen dugu”.

‘Ederbidea’ mugaz gaindiko lankidetza-proiektu bat da. Finantziazioaren % 65 Europako funtsak dira (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa -EGEF-), Interreg POCTEFA VA programaren bitartez: Nafarroako, Euskal Autonomia Elkarteko eta Frantziako 12 bazkidek hartzen dute parte.

Argibide gehiagorako:

  • Irantzu Pastor. ‘Uraren Bailarak’ markaren turismo-teknikaria. : 607678682. Posta elektronikoa: baztanbidasoaturismoa@cederna.es

 

Por | 2019-03-21T13:39:54+00:00 marzo 21st, 2019|Albisteak|Comentarios desactivados en Cederna Garalur Elkarteak Ederbidea proiektua koordinatzeko bileran parte hartu du