«Iratiak»: Iratiko Mankomunitateak birziklatzen dituzun plastiko ordainduko dizkizu.

Maiatzaren 9an Iratiko Hondakinen Mankomunitateak martxan jarri duen gizarte-moneta aurkeztu zen Agoitzen. Asmoa da Mankomunitatearen edukiontzietan egunero uzten diren hondakin plastikoak eta organikoak albait gehien murriztea.

Iratiko Mankomunitateko buru Mabel Cañadak azaldu zuen moduan, bizilagun bakoitzak Mankomunitateak duen garbigune mugikorrera birziklatzeko eramanen dituen bi kilo bakoitzeko, euroaren balio bera duen «Irati» bat emanen zaie (Mankomunitatearen gizarte-moneta berria). Irati horrekin dagoeneko ekimenarekin bat egin duten Agoizko 14 dendatan erosi ahal izanen da, Iratiak eta moneta tradizionala konbinatuz. Horrela, asmoa da hondakinak deuseztatzea, edukiontziak zabortegietara eramateak dakartzan gastuak murriztea eta, aldi berean, tokiko merkataritza sustatzea, ekonomia zirkularraren zikloa osatuz eta herriko biztanleak, dendariak eta tokiko erakundeak inplikatuz.

Mabel  Cañadaren hitzetan: «gaur Mankomunitateak urtean 200 tm-tik gora sortzen ditu eta zabortegira eramaten dira; horietatik, % 28 plastikoak dira eta % 40 materia organikoa. Gure Mankomunitatean hainbat proiektu ditugu materia organikoa eraldatzeko: besteak beste, konpostatzeko ontziak; hondakin organikoak birziklatuta, herritarrei ongarri organikoa banatzen zaie». Nolanahi ere, proiektu berri horrek aurrerapauso bat eman nahi du, edukiontzi berdeetara eramaten den zaborra ahal denik eta gehien murriztuz. «Edukiontzi horietan pixoihalak eta ezer gutxi gehiago egon beharko luke», Mabel Cañadaren hitzetan.

Kanpainan parte hartzeko, herritarrek garbigune mugikorrera eraman ahal izanen dituzte plastikoak. Garbigunea, hilero, Mankomunitatea osatzen duten 90 herrietara joaten da. Irailetik aurrera, kanpaina horren barruan hondakin organikoak gehituko dira; 30 Irati ere jaso ahal izanen dira. Halaber, aurtengo udazkenean Mankomunitateak paperezko billeteak ordezkatuko dituen diru telematikoa sortzeko asmoa dauka, Europako beste hainbat herrialdeetako ereduari jarraiki (Suitza, kasurako).

Ekitaldiari amaiera emateko Iñaki Urrizalkik (Nafarroako Hondakinen Partzuergoa) eta Xabier Lasak (Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko zuzendari nagusia) hartu zuten hitza. Urrizalkik Nafarroako Hondakinen Plana izan zuen hizpide. Planaren helburuetako bat «hazkunde ekonomikoa hondakinak sortzearekin ez uztartzea» da. Izan ere, Europako herrialde aberatsagoak aitzindariak dira berreskuratzen eta berrerabiltzen». Bestalde, Xabier Lasak azpimarratu zuenaren arabera, klima-aldaketaren aurkako borroka gaur Agoitzen inauguratu den eskualde-mailako proiektu txikiekin hasten da. Proiektu horiek estrategia bateratu bati jarraitzen diote, berriki onartu den Hondakinei buruzko Foru Legeari, kasurako.

Ekonomia zirkularraren asmoa da klima-aldaketari erantzutea hondakinak murriztuz eta berreskuratuz. Aldi berean, kontsumo-eredu berria proposatzen du, jasangarria eta kontzientea. Ekonomia zirkularrak garapen-aukera berriak eskaintzen dizkio landa-eremuari, natura-paisaia zaintzeaz haratago. Hori dela-eta, gizarte-ekonomia LEADER ikuspuntu batetik landa-eremuan ezartzeko, Nafarroako Gobernuak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko du Cederna Garalur Elkartearekin eta Nafarroako gainerako tokiko ekintza-taldeekin.

 

Por | 2019-05-13T12:54:39+00:00 mayo 15th, 2019|Albisteak|Comentarios desactivados en «Iratiak»: Iratiko Mankomunitateak birziklatzen dituzun plastiko ordainduko dizkizu.