Ekonomia zirkularrari eta nekazaritzari buruzko hitzaldia Zangozako Potxaren Gorazarre Jardunaldietan

Heldu den irailaren 27, 28 eta 29an Zangozako Potxaren Gorazarre Jardunaldia eginen da Zangozan. 2019. honetan zortzigarren urtea beteko du ekitaldiak. Aurten, inaugurazioa ekonomia zirkularrari eskainiko zaio.

27an, Zangozako alkate Lucia Echegoyen andrearen ongietorri hitzen ondoren, CPAEN-NNPEK Nafarroako Nekazaritza Ekologikoaren Kontseiluko presidente Edorta Lezaunek Potxaren Gorazarre Jardunaldia inauguratuko du 19:00etan. Esku-hartze horren ondoren, 19:15ean, Nekazaritza Ekoizpeneko Departamentuko irakasle Ignacio Irigoyenek ekonomia zirkularraren oinarriei buruzko eta nekazaritza-sektoretik nola gauzatu erakusten duen hitzaldi interesgarria emanen du.

Azkenik, ohiko nekazaritza-sektorera aplikatutako berrikuntzaren erakusgarri gisa, Zangozako Smurfit-Kappako ordezkari Pablo Lirasek «Agropaper» egitasmoaren berri emanen du. Bere egoitza eskualdean duen enpresa horrek garatutako material berri horrek nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan belar gaiztoak saihesteko erabiltzen den plastikozko lur-estalkiak ordezkatzen ditu. Material berri hori paper konpostagarrizkoa da, eta bertako pinuen zuntz luzeekin egiten da. Material horrek laboreetan produktu kimikoak erabiltzea saihesten du, ura aurrezten du, eta gainera, erabat biodegradagarria da; horrela, lurrarentzako ongarri bihurtzen da, eta laboreen errendimendua areagotzen du.

Jardunaldiari amaiera emateko, ardo ekologikoen dastaketa eginen da: Mendiko, Aristu eta Azpea upategietakoak.

Potxaren jardunaldiek irailaren 28ko eta 29ko asteburuan jarraituko dute. Irailaren 28an, 17:00etan, Zangozako potxen ohiko aletzea eginen da, eta ondoren, parte hartuko dutenen artean zozketa eginen da. Eta 29an (igandea), goizez, Cederna Garalur Elkarteko kudeatzaile Ibon Mimentza buru izanen duen ekitaldi instituzional batean, omenaldia eginen zaio konpartsari, Pocaboina eta Calvo errege kristauen mendeurrenagatik, baita Baratze Solidarioei ere. Horrez gain, goiz osoan zehar Zangozako kaleetan potxaren ohiko azoka eginen da, berezko produktuekin, besteak beste: potxak, eztia, ardoa, gasna, gozoteria edo esku-langintza, baita herri-dastatze bat ere.

Argibide gehiagorako:

  • Gabriela Orduna. Cederna Garalur Elkarteko tokiko garapen-eragilea.  Tel.: 639904401. Posta elektronikoa: sanguesa@cederna.es.
Por | 2019-09-19T08:47:12+00:00 septiembre 19th, 2019|Albisteak|Comentarios desactivados en Ekonomia zirkularrari eta nekazaritzari buruzko hitzaldia Zangozako Potxaren Gorazarre Jardunaldietan