Parte-hartze arrakastatsua izan du Cederna Garalur Elkarteak Larraintzarren energia-autokontsumoari buruz antolatutako hitzaldiak

  • Saioan 36 lagun egon ziren: partikularrak, eskualdeko enpresetako ordezkariak eta toki-erakundeak
  • Cederna Garalur Elkarteak beste bi saio programatu ditu Lekunberrin eta Leitzan, irailaren 30ean eta urriaren 7an, hurrenez hurren.

Irailaren 23an egin da Larraintzarko gizarte-etxean Cederna Garalur Elkarteak aurtengo apirilean onartu den energia-autokontsumoari buruzko estatu-araudi berriaz Nafarroako Mendialdean informatzeko antolatu dituen hiru hitzaldietatik lehena.

Araudi-esparru berri horrek hainbat aldaketa garrantzitsu egin ditu legerian eta administrazioan, energia-autokontsumoko instalazioak sustatze aldera. Aukera ematen du, esate baterako, hainbat erabiltzaileren artean instalazioak partekatzea, sortutako gehiegizko elektrizitatea sare elektrikora konektatzea (eta ordainetan konpentsazio bat jasotzea), edo sortutako elektrizitatea zuzenean saltzea, energia banatzen duen enpresa batek bezala jokatuz.

Aurkezpenak debate bizia piztu zuen bertaratu ziren 36ren artean (partikularrak, eskualde-mailako enpresak eta toki-erakundeak). Interesa piztu zuten, besteak beste: instalazio fotovoltaikoen errentagarritasunak, inbertsioa berreskuratzeko denbora-tarteek, gaitasun txikiko errota eolikoen eta panel fotovoltaikoen bidez energia berriztagarriak batera sortzeak, gaur egun erabilerarik ez duten ur-jauziak erabiltzea miniturbinak instalatzeko eta elektrizitatea sortzeko, eta sare elektriko konbentzionalekiko mendekotasunak.

David Gordejuela NASEI enpresako ingeniaria da, eta aldi berean, Cederna Garalur Elkartearen efizientzia energetikoko zerbitzua kudeatzen du.

Hauxe izan da Cederna Garalur Elkarteak (Ultzamako, Lekunberriko eta Leitzako Udalekin batera) energia-autokontsumoari buruz Nafarroako Mendialdean datozen asteotarako antolatu dituen hiru saioetatik lehena. Hurrengo biak Lekunberrin (irailaren 30ean) eta Leitzan (urriaren 7an) izanen dira. Hitzaldiak publiko osoarentzat dira, eta dohainik dira. Alabaina, Elkarteak horietan parte hartzeko izena ematea gomendatzen du: 699508800 telefono-zenbakira deituta, edo bidasoa.admon@cederna.es helbidera mezua bidalita.

Lantegi ziklo hau Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuak eta Nafarroako Foru Erkidegoko tokiko ekintza-taldeek ekonomia zirkularra LEADER ikuspegiarekin landa-eremuan sustatzeko sinatu duten lankidetza-proiektua zabaltzeko ekintzen artean daude. Proiektua Lursarea – Jasangarritasunerako Nafarroako Sareak koordinatzen du.

Argibide gehiagorako:

  • Ibon Mimentza. Cederna Garalur Elkarteko zuzendari-kudeatzailea Tel.: 600 441170. Posta elektronikoa: imimentza@cederna.es.

 

Por | 2019-09-26T07:59:52+00:00 septiembre 26th, 2019|Albisteak|Comentarios desactivados en Parte-hartze arrakastatsua izan du Cederna Garalur Elkarteak Larraintzarren energia-autokontsumoari buruz antolatutako hitzaldiak