Joan den mendeko Pirinioetako industria-garapenaren ikurra den El Irati SA Erakusketa Zentroaren inaugurazioa.

Joan den urtarrilaren 10ean, «El Irati SA» Erakusketa Zentro iraunkorra inauguratu zen Agoizko Udaletxean. Gune hori, 2017ko aldi baterako erakusketa arrakastatsuaren babesean sortu zen, eta helburua du El Irati SA enpresaren industria-ondarea ezagutzera ematea eta haren balioa nabarmentzea; izan ere, XX. mendearen lehen erdialdeko industrializazioaren adierazlerik onenetakoa da Nafarroan. Zentroak 15 lagunentzako lekua du gehienez, eta aurrez 637448107 telefonoan hitzordua eskatuta bisita daiteke.

Domingo Elizondo aezkoarrak sortu zuen 1907an Iratiko basoko egurra ustiatzeko. «El Irati, SA» diziplina anitzeko enpresa bilakatu zen, eta mila pertsona baino gehiagok lan egiten zuten bertan. Hainbat jardueraren artean, Irati SAk Zangoza eta Iruñea arteko tren-linea jarri zuen martxan, ibaian zehar zentral elektrikoak sortu zituen (norberaren eta hirugarrenen kontsumorako), eta ikatz begetala eta bestelako produktu kimikoak ekoitzi zituen. Hori guztia, gaur egun abandonatuta dagoen Ekaiko zerrategiko auzoan dagoen lantegiko nabeetatik.

Orain ireki den Erakusketa Zentroak enpresaren eta Ekaiko zerrategiaren memoria berreskuratu du. Hainbat azalpen panel ditu (gaztelaniaz eta euskaraz), argazki-erakusketa zabala, trenari eta «El Irati SA» enpresari buruzko erreportaje eta filmen proiekzioak, eta, batez ere, 2018an egin zen maketa handia (enpresaren nabeak erreproduzitzen ditu XX. mendearen lehen erdian).

Zentroa irekiz, Agoizko Udalak eskualde-mailako turismo-eskaintza bereizia sortu nahi du, xedea izanik  Pirinioetako eta Pirinioaurreko eskualdeen garapenean hainbesteko garrantzia izan zuen industria-ondarea aldarrikatzea eta natura-ibilbideak berreskuratzea; besteak beste, Irati trenaren mendi-bidea, El Irati SA trenbide zaharraren gainean sortutakoa, Pirinioetako galtzada edo Bizimugi proiektua, natura-bidea eta Eurovelo 3 ibilbidea (erromesaldien ibilbidea) lotuko dituena.

El Irati SA Erakusketa Zentroak 19.280 €-ko kostua izan du, eta Europako Batasuneko LGENF funtsekin eta Nafarroako Gobernuaren funtsekin kofinantzatu da, azken hori 2014-2020 epealdiko Nafarroako Mendialdeko LGParen bidez.

Por | 2020-01-15T12:58:11+00:00 enero 20th, 2020|Albisteak|Comentarios desactivados en Joan den mendeko Pirinioetako industria-garapenaren ikurra den El Irati SA Erakusketa Zentroaren inaugurazioa.