Uraren Bailarakek Baztan-Bidasoa bisitatzera gonbidatzen gaitu bere promozio-bideo berrian.

  • Bi minutuko iraupena du bideoak. Material horrek Baztan, Malerreka, Bertizarana eta Bortziriak ibarretako leku natural esanguratsuenak ezagutzera gonbidatzen gaitu.
  • Bideoa eskuragarri dago dagoeneko Youtuben eta Uraren Bailaraken webgunean.

“Ibili gure lurrak” izenburupean, Uraren Bailarakek, Baztan eta Bidasoako Udalen Turismo Elkarteak, Baztan-Bidasoa eskualdeen sustapen-bideo bat eman du argitara, dagoeneko Youtuben eskuragarri, esteka honetan: https://m.youtube.com/watch?feature=youtu.be&v=IG8WaQV-LhA

Uraren Bailarak elkartearen logoan jasotzen diren lau elementuak erabiliz (ura, basoa, bideak eta herriak), bideoak eskualdeetako leku esanguratsuenetako batzuetan barrena bidea egiten du; besteak beste, Berako San Migel zubia, Donamariako Jauregia dorretxea, Xorroxin ur-jauzia, Bidasoa ibaia, monumentu megalitikoak, Baztango Donejakue bidea eta, jakina, Bidasoako Natura Bideako bizikletentzako ibilbideak eta Ederbidearen ibilbide berria.

Baztan, Malerreka, Bertizarana eta Bortzirietako hainbat lekutan grabatu dute ikus-entzunezko material berria, eta bideoaren lanketan eskualdeko haran guztietako norbanakoek eta herriko elkarteek parte hartu dute; besteak beste, Baztango Donejakue Bidearen Lagunak elkarteak eta Arkupeak jubilatuen elkarteak.

Uraren Bailaraken arabera, “Ibili gure lurrak” bideoaren izenburuak “Baztan-Bidasoako natura, herriak eta paisaiak ezagutzeko modurik politena, osasuntsuena eta iraunkorrena” erakusten ditu: “mendietako eta herrietako bidezidorretatik ibili, Bidasoako Natura Bidea bizikletaz egin, basoak lasterka zeharkatu, oinak ibai batean busti edo mendi baten tontorrean sakon arnastu”.

Uraren Bailarak Baztan Bidasoa Turismo Garapena elkartearen turismo-marka da. Baztan-Bidasoa eskualdeetako 18 udalek osatzen dute elkartea, eta eskualde osoan turismo jasangarria bultzatzea eta proiektu estrategikoak garatzea ditu helburu.

 Argibide gehiagorako:

Por | 2020-03-06T07:47:34+00:00 marzo 6th, 2020|Albisteak|Comentarios desactivados en Uraren Bailarakek Baztan-Bidasoa bisitatzera gonbidatzen gaitu bere promozio-bideo berrian.