Pirinioetako Planak jada badu bere webgune propioa

  • Atariak berrikuntzak eta aurrerapenak, zein datozen ekintzak gerturatuko ditu

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak Pirinioetako Planari espreski zuzendutako webgunea argitaratu du: www.gupirinioa.eus edo www.somospirineo.es.  Bertan gizarteak planeko berrikuntzak zein aurrerapenak ezagutzeko aukera izango du eta baita Nafarroako Pirinioak berpizteko asmo duen planaren baitan garatuko diren datozen ekintzen berri ere.

Web gunea Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoetako Zuzendaritza Nagusiak bultzatu du, eta Pirinioetako Planaren ikuspegi orokorra eskaintzeaz gain, horren inguruan garatzen diren ekintzak zabaltzen ditu. Gogoratu behar da ekimen hau duela urtebete jarri zela abian eskualde hori berpizteko eta lurralde-mailan garatzeko, despopulazioak eragindako egoerari aurre egite aldera.

Espazio digitalean, Pirinioetako Plana osatzen duen dokumentazio nagusia kontsulta daiteke, eta hiru zutabetan oinarritzen da: ekintza-plana, komunikazio-plana eta gobernantza-sistema.

Alderik operatiboenean, web gune honetan biltzen da zonan abian jartzen ari diren proiektu eta ekimen guztien inguruko katalogoa, lau eremutan zatituta: Turismoa, Merkataritza eta Zerbitzuak; Nekazaritza, Abeltzaintza eta Basoen Sektorea; Garraioa, Azpiegiturak eta Etxebizitza; eta Industria, Enplegua eta Tokiko Garapen Iraunkorra; baita dinamizazio-taldean lan egiten duten lau teknikariren inguruko erreferentziak ere.

Orrialdetik bertatik sartu ahal izango da, halaber, Pirinioetako Planaren bitartez eskaintzen diren zerbitzu guztietara. Agenda bat ere badago ekitaldi eta hitzordu garrantzitsuenekin. Berrien atalean, berriz, Planaren nahiz hori osatzen duten agente guztien eguneroko berriak jasotzen dira. Azkenik, orrialde honetan, herritarrek eskaerak egin edo Pirinioetako Planaren esparruan gara daitezkeen ekimenak iradoki ditzakete, hori funtsezkoa baita lurraldeari eta herritarrei protagonismo nagusia eman nahi dien plana izanik.

Lurraldearekin erlazionatzeko eredu berria

Pirinioetako Planaren helburua da Pirinioetako lurralde osoa biziberritzea eta aurrera eramatea; izan ere, eremu horrek arazo demografikoak ditu aspalditik, biztanleria zahartua dagoelako eta atzeraka doalako. Joera hori leheneratzeko, jarduera dinamizatzeko eta sustatzeko politikak garatzen dira zonan, baterako gobernantzako sistema berritzaile baten bidez, lurralde horretako herritarrak funtsezko pieza eta bertako garapenaren bultzatzaile bihurtuaz. Herritarrek parte hartzeko irekitako talde ezberdinen bidez egiten da lana, ekimenak eztabaidatu eta jarduteko proposamenak eginaz.

Proiektu Estrategikoetako Zuzendaritza Nagusiak Plana bultzatzen eta koordinatzen du, Nafarroako Parlamentuaren ponentziaren babesarekin eta Pirinioetako Mahaiarekin, Nasuvinsaren Lursarea lurraldeko eta iraunkortasuneko agentziarekin eta Cederna-Garalur toki-garapeneko kontsortzioarekin koordinatuta.

Por | 2021-02-02T09:35:24+00:00 febrero 2nd, 2021|Albisteak|Comentarios desactivados en Pirinioetako Planak jada badu bere webgune propioa