Cederna Garalur Elkarteak bi proiektu abiarazi ditu Nafarroako Mendialdean belaunaldien arteko erreleboa eta lehen sektorea indartzeko.

  • Bi proiektuen helburua da lurraldera ekintzaile berriak erakartzea, Nafarroako Mendialdean negozio eta jarduera bideragarriak beren gain hartzeko.
  • Bi proiektuak 2014-2020 landa-garapenerako programaren bitartez daude finantzaturik.

 Cederna Garalur Elkartearen urteko batzarrean (Agoitz, ekainaren 23a), Elkarteak “Hartu lekukoa” eta “Lehen sektorearen balorizazioa” izeneko proiektuak aurkeztu zituen.

Hartu Lekukoaproiektuak helburua du Nafarroako Mendialdeko negozio txikien erreleboa erraztea, egungo arduradunak kudeaketa beren gain hartu nahi duten ekintzaileekin harremanetan jarriz. Elkarteak garatutako metodologiatik abiatuta, Cederna Garalur Elkarteak 3 negozioren errelebo-zikloa osatzea du helburu, arduradun berriei zergen eta marketinaren arloko aholkularitza espezializatua emanez.

Horrez gain, Elkarteak jardunaldi bat egitea aurreikusi du, ekintzaileei parte hartzen duten errelebo-negozioak hobeto ezagutzera gonbidatzeko. Hilabete hauetan zehar, Elkartea mota horretako negozioak aukeratzen hasiko da; horrenbestez, egoera horretan dauden eta proiektuan parte hartu nahi duten enpresak Raquel Aldaz Cederna Garalur Elkarteko enpresa-teknikariarekin harremanetan jar daitezke.

Bestalde, “Lehen sektorearen balorizazioa” Nafarroako Mendialdean nekazaritzako elikagaien ekoizpenean eta eraldaketan dihardutenen lanari balioa emateko proiektua da. COVID-19aren pandemiaren ondoriozko egoerek beste behin ere erakutsi dute nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreak funtsezko garrantzia duela herritarren bizi-kalitatean eta osasunean. Hala eta guztiz ere, sektore horrek irudi negatiboa du berarekin, eta horrek belaunaldien arteko erreleboa zailtzen du, neurri handi batean.

Horregatik, irailetik aurrera, Cederna Garalur Elkarteak ahalduntze-jardunaldi batzuk antolatuko ditu gure eskualdeetan nekazaritzako elikagaien ekoizpenaz eta eraldaketaz arduratzen direnei bideratuta, haien produktuei eta lanari balioa ematen ikasteko. Aurki, Elkarteak hitzaldietan esku hartzeko egunak, herriak eta izena emateko modua zehaztuko ditu. Hitzaldiak aurrez aurrekoak izanen dira, segurtasun-neurriek ahalbidetzen badute.

Gainera, proiektuak herritarrei bideratutako komunikazio-kanpaina garrantzitsu bat jasotzen du, tokiko saltoki eta jatetxeen lankidetzarekin, hurbileko tokiko produktua sustatze aldera. Horrekin batera, Elkarteak nekazaritzako eta abeltzaintzako instalazio berriak abian paratzeko gida bat prestatuko du, eta horren barne negozioak kudeatzeko eredu berrien adibideak egonen dira.

Proiektu bakoitzaren aurrekontua 70.000 € inguru da, eta 2022ko erdialdera arte landuko dira.

“Hartu lekukoa” eta “Lehen sektorearen balorizazioa” proiektuak Nafarroako Gobernuak eta Europako LGENF funtsek (2014-2020 Landa Garapenerako Programaren bidez) finantzatzen dituzte.

Argibide gehiagorako:

  • Raquel Aldaz. Enpresen arloko teknikaria. : 607 67 87 45. Posta elektronikoa: raldaz@cederna.es
  • Ibon Mimentza. Cederna Garalur Elkarteko zuzendari-gerentea. : 600 44 11 70. Posta elektronikoa: imimentza@cederna.es
Por | 2021-07-01T07:04:39+00:00 julio 1st, 2021|Albisteak|Comentarios desactivados en Cederna Garalur Elkarteak bi proiektu abiarazi ditu Nafarroako Mendialdean belaunaldien arteko erreleboa eta lehen sektorea indartzeko.