Cederna Garalur Elkartearen batzarrak proiektu gehiago sustatu ditu Nafarroako Mendialdean.

  • Epe laburrean, Elkarteak bere bi proiektu jarri nahi ditu abian, eta, horrez gain, Nafarroako Mendialdeko eskualdeei lagundu nahi die Eskualdeko Aktibazio Estrategiak zehazten, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren edo S3aren lan-esparruan.

 Ekainaren 23an Cederna Garalur Elkarteak Batzar Nagusia egin zuen Agoizko Kultur Etxean, eta horretan agerian geratu zen Elkarteak Nafarroako Mendialdean sortzen diren eskualdeko proiektuak eta ekimenak sustatzen parte hartzen duela, Elkartearen berezkoa duen jardueratik haratago.  Bilkuraren buru Patxiku Irisarri Elkarteko presidentea izan zen, eta Angel Martin Unzuek, Agoizko alkateak, ongietorria eman zien bertaratutakoei.

Lehenik eta behin, Cederna Garalur Elkarteko zuzendari kudeatzaile Ibon Mimentzak Elkarteak 2020an izandako jarduera laburbildu zuen, COVID-19aren pandemiak kolpatua. Emaitza nagusien artean, aipatu zuen Elkarteak 79 enpresa eta 90 lanpostu berri sortzen lagundu zuela, 192 ekintzaileri arreta eman ziela, eta ziurtagiri digitalarekin kudeaketak egiteko 9 online lantegi egin zituela; guztira, 58 parte-hartzailerekin. Energiaren arloan, Cederna Garalur Elkarteak energia-efizientzia hobetzeko 42 proiektu izapidetzen lagundu zuen; milioi bat euro baino gehiago. Gainera, “Landa-jasangarritasuna” lankidetza-proiektuaren bidez, Cederna Garalur Elkarteak 2020ra arte 83 toki-erakunderen energia-kontsumoari buruzko 400 txosten egin zituen.

Bestalde, Cederna Garalur Elkarteak 2020an garatutako proiektu propioak ere aurkeztu ziren, besteak beste: “Top Topa” Market Placea, hurbileko tokiko merkataritzarako; “Jakiak ehuntzen”, Zangozako Merinaldeko nekazaritzako elikagaien banaketa-sarea egituratzea helburu duen elikadura-subiranotasuneko proiektua; edo banda zabaleko lantaldea, Elkarteko Zuzendaritza Batzordearen ekimenez eratua.

Ondoren, Ibon Mimentzak 2021erako Cederna Garalur Elkarteak duen lan-plana aurkeztu zuen, hiru ardatzetan oinarrituta: Elkartearen beraren proiektuak abian jarri; eskualdeko ekimenak babestu; eskualdeko proiektu berriak kudeatu.

Alde batetik, aurtengo urtarrilean, Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak bost proiektu onartu zituen, eta horietako bi, belaunaldien arteko erreleboa eta lehen sektoreari balioa nabarmentzea helburu dutenak, bigarren seihilekoan hasiko dira.

Bestalde, Elkartearen ezaugarri bereizgarri gisa azpimarratu zen Nafarroako Mendialdean sortzen diren tokiko ekimenen aurrerabidean duen inplikazio sakona. 2020an eskualde-mailako 100 ekimen baino gehiago babestu ziren, horien artean nabarmendu ziren: eskualdeko Tokiko Agenda 21en dinamizazioa; Iratiko Natura Bidea; Uraren Bailarak –Bidasoako Bide Berdea dinamizatzeko Baztan-Bidasoako Udalen Elkartearen turismo marka–; eta ‘Mendialdea Elikadura’ren koordinazioa (horren helburua da Mendialdeko eskualdean elikadura-sistema osasungarri eta jasangarria sustatzea, hurbileko produktuan oinarrituta).

Epe laburrean, Elkarteak tokiko ekimenak suspertzen sakondu nahi du. Adibide gisa, elikadurari, turismoari eta ekintzailetzari buruzko lantaldeak aipatu ziren. Lantalde horiek Elkarteko teknikariek osatzen dituzte, eta helburu dute eskualdeetan egiten ari diren lana partekatzea, lankidetza-ildoak eta proiektu berriak aurkitze aldera.

Azkenik, Elkarteak bere plana aurkeztu zuen Nafarroako Mendialdeko eskualdeei “Eskualdeko aktibazio-estrategiak” izenekoak definitzen eta abian jartzen laguntzeko. Ekonomia aktibatzeko plan horiek tokiko erakundeen artean adostu dira, eta Nafarroako Gobernuak finantzatzen ditu, eta Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia tokian-tokian helarazten dute, lurraldearekin batera sortutako proiektuekin.

Ildo horretan, Cederna Garalur Elkarteak Mendialdea eskualdearekin hasi da lanean.

Argibide gehiagorako:

  • Ibon Mimentza. Cederna Garalur Elkarteko zuzendari-gerentea. : 600 44 11 70. Posta elektronikoa: imimentza@cederna.es
Por | 2021-07-01T06:51:19+00:00 julio 1st, 2021|Albisteak|Comentarios desactivados en Cederna Garalur Elkartearen batzarrak proiektu gehiago sustatu ditu Nafarroako Mendialdean.