Cederna Garalur Elkarteak 99 enpresa eta 113 lanpostu sortzen lagundu du Nafarroako Mendialdean 2022an.

  • Horrez gain, 2.017 ekintzaileri eta 131 enpresari arreta egin die.
  • Ekintzailetzari laguntzeko zerbitzu horiek Cederna Garalur Elkarteak Nafarroa Ekintzailea Sarearen barnean garatzen dituen ekintzetan kokatzen dira. Sarea Nafar Lansare – Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kofinantzatzen du.

Cederna Garalur Elkarteak Nafarroako Mendialdean 99 enpresa sortzen lagundu du 2022an, eta enpresa horiek 113 laguni eman diete alta langile gisa.  Horrez gain, urtean zehar, Elkarteak 217 ekintzaileri eman die laguntza eta aholkularitza, eta lagun egin die: 116 emakumeri eta 101 gizoni.

Negozio sortu berrien izaera juridikoari dagokionez, 92 banakako enpresaburu eta sozietate irregular gisa eratu dira, eta 7 merkataritza-sozietate gisa edo lan-sozietate gisa.

Arreta jaso duten pertsonen eta sortutako enpresen zifrak egonkor mantendu dira aurreko urtearekin alderatuta; izan ere, ekintzailetza-ekimenek nabarmen egin dute gora pandemia aurreko urteekin alderatuz gero. Horrela, landa-eremuko ekintzailetzak Nafarroako Mendialdean arras osasun ona duela egiaztatzen da.

Ekintzailetzari laguntzeko beste zerbitzu batzuk  

Bestalde, 2022an zehar, Cederna Garalur Elkarteak bi urte baino gutxiago dituzten 131 enpresari laguntza eta aholkularitza eman dizkie, eta bi urte baino gehiago dituzten 150 enpresari. Puntu honetan azpimarratu behar dugu, iaz bezala, dagoeneko eratuta dauden enpresen aholkularitza- eta laguntza-eskariak nabarmen egin duela gora; laguntzak izapidetzeko, unean-unean indarrean dauden arauetara egokitzeko, jarduerak dibertsifikatzeko… ezegonkortasun-, ziurgabetasun- eta krisi-egoeraren ondorioz.

Era berean, bi ekintzailetza-mahai, autoenpleguko bi lantegi eta ikastetxeei bideratutako enpresen esperientziei buruzko bost lantegi antolatu dira, eta, horiez gain, ekintzailetzarekin lotutako hainbat ekitalditan parte hartu eta dinamizatu da, besteak beste, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Nafarroako Mendialdeko zenbait toki-erakundek sustatuta.

Azkenik, 10 tutorial eman zaizkie ekintzaileei eta autonomoei, kolektibo horientzat interesgarriak diren gaiei buruz: “Zer da ziurtagiri digitala? Zertarako balio du eta nola lortu?”; “Antolatu zure paperak Ogasunarekiko betebeharrak betetzeko”; “Nola egin zure izapideak Ogasunarekin online ziurtagiri digitalarekin”, eta “fakturen diseinua”.

Jarduera horiek Cederna Garalur Elkarteak Nafar Lansare – Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kofinantzatzen duen Nafarroa Ekintzailea Sarera elkartutako erakunde gisa ekintzailetzari laguntzeko ematen dituen zerbitzuen barruan sartzen dira.

Por | 2023-01-12T13:45:16+00:00 enero 12th, 2023|Albisteak|Comentarios desactivados en Cederna Garalur Elkarteak 99 enpresa eta 113 lanpostu sortzen lagundu du Nafarroako Mendialdean 2022an.