Larra Gaztandegiak instalazio berriak inauguratu ditu Erronkari Ibarreko industri parkean

Urtarrilaren 11a egun garrantzitsua izan da Burgiko Aznarez familiarentzat, Larra Gaztandegiaren jabeentzat, hain zuzen ere. Gaztandegiaren instalazio berriak eta modernoak inauguratu dituzte Erronkari Ibarreko enpresa-parkean. Parkean bere ateak zabaldu dituen lehen enpresa da, eta horrek bidea ireki du aurrerantzean beste batzuk ere bertan kokatzeko.

Erronkari Ibarreko enpresa-parkea Burgin dago, eta 80.099 metro koadro ditu; horietatik, 60.000 industri lursailetarako dira. Nafarroako Gobernuak sustatu du Pirinioak garatzeko Plan Estrategikoaren barnean, helburua izanik Pirinioak sustatzea, landa-eremuko ekonomia bultzatuz eta dibertsifikatuz, eta irisgarritasun fisikoa bultzatzea, eta biztanleen bizi-kalitatea bermatzea, besteak beste. «Quesos Larra SL’ izan da enpresa-parkean instalatu den lehen enpresa. Luze gabe ‘Maderas Valle del Roncal’ enpresak, gaur egun Burgiren herrigunean kokatuak, irekiko ditu bere ateak.

Inaugurazioan, herriko eta inguruko herrietako herritarrez gain, eta Nafarroako Mendialdeko hainbat herritako gaztagilez eta esku-langilez gain, honako hauek egon ziren: Javier Caballero, Nafarroako Gobernuko presidenteorde lehena eta Presidentetza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilaria; Begoña Sanzberro, Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria; Luis Garate eta Esther Celaya, Cederna Garalur Elkartearen presidentea eta zuzendari-gerentea, hurrenez hurren; Ayerra, Burgiko alkatea; Jose Andres Burguete, CDN alderdiaren presidentea; eta Juan Cruz Alli, alderdi berekoa.

Inaugurazio-ekitaldiko hitzaldietan, azpimarratzekoa da ‘Quesos Larra’ gaztandegiaren jabe Miguel Aznarezek proiektu berri honetan jarritako ilusioa, hurbileko ibarretako abeltzainekin izandako inplikazioa, ez daudenekiko oroimena, eta orain arte bezala edo hobeki lan egiten jarraitzeko asmoa, eta Erronkariko gazta hainbat herrialdetara esportatzea, besteak beste, Estatu Batuetara, Japoniara eta Libanora, eta nazio-merkatua hobetzea.

Bestalde, presidenteorde Caballerok honako hau azpimarratu zuen: «aitortu eta baloratu beharra dago ibarreko enpleguari eta biztanleriari eutsi nahi dieten pertsonek pertsonen ahalegina», eta horren eredu Aznarez familia aipatu zuen.

Instalazioak goitik behera ikuskatu zituzten, eta bisita horretan Miguel Aznarezek Erronkari jatorri-deitura duen Larra gazta egiteko prozesu osoaren berri eman zien.

‘Quesos Larra’
‘Quesos Larra’ artisau-industria da, eta 1985etik jatorri-deitura duen Erronkari gaztak egiten ditu. Orain arte, familiaren egoitzaren etxabean eta beste hainbat lokaletan egin dute lan. Alabaina, produkzioa areagotzeak, elikagaien kalitatearen eta segurtasunaren inguruko lege-baldintzak areagotzeak, kostuen arrazionalizazioak eta produktu-sorta areagotzeak instalazioak egokitu beharra ekarri du.

Eraikin berriak 1,9 milioi euroko kostua (BEZ kanpo) izan du. 1.200 metro koadro ditu, eta bi eraikinek osatzen dute instalazioa bata bestearen ondoan; 900 metro koadro inguruko nabeak, eta 300 metro koadro inguruko bulegoak, bi solairutan banaturik. Enpresan bederatzi pertsonek egiten dute lan, eta urtean gutxi gorabehera 90.000 kilo gazta egiten du. Instalazio berriei esker, bi edo hiru urtetan produkzioa % 20 igotzea aurreikusten da; izan ere, gazta egiteko prozesu osoa eraikin bakar batean egin baitaiteke, eta makineria berria handiagoa eta aurreratuagoa baita.

Guk zorionak eman nahi dizkiegu eman berri duten urratsagatik, eta zorterik onena opa diegu. Norbaitek esan bezala: ‘gazta aunitz’.

Por | 2011-09-09T11:26:56+00:00 enero 12th, 2011|Albisteak|Comentarios desactivados en Larra Gaztandegiak instalazio berriak inauguratu ditu Erronkari Ibarreko industri parkean