Azoka: ‘EMPRENDE 2012’ , ekintzaile senaren isla peto-petoa

Lan-jardunaldi trinkoa eta oso interesgarria Cederna Garalur Elkartearentzat

Pasa den irailaren 12an, Arantxa Arregi, Cederna Garalur Elkarteko eskualdeko garapen-eragilea, eta Irene Gastaminza, Cederna Garalur Elkarteko Enpresak eta Sustatzaileak arloko koordinatzailea, ‘EMPRENDE 2012’ jardunaldian egon ziren, Barakaldon. Ekitaldia SPRIk (Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-garapenerako agentzia) antolatu zuen. Garai zailetan merkatura lehiatzeko moduan irteteko albait tresna gehien behar dituzten ekintzaileei dago zuzenduta nagusiki.

‘Emprende 2012’ ekintzaileen arteko topaketa izan da, enpresa-proiektu bat lantzen gogoa eta ilusioa dutenen artekoa, esperientziak elkarri trukatzeko, enpresa ekimenaren inguruan ekintzaileen, instituzioen, profesionalen eta eragile ekonomiko eta sozialen arteko erlazioa lantzeko ekimen bat. Hori dela-eta, ‘Emprende 2012’ ezinbesteko hitzordua da Cederna Garalur Elkartearentzat. Izan ere, elkartearen lan-ildoen artean daude ekintzaile berriei sostengua ematea, eta enplegu-aukera berriak sortzea.

Batetik, azokak 15 tailer praktiko proposatzen ditu, edozein jarduera ekintzailetan kontuan hartu beharreko gaiak lantzen dituztenak, Bi bloketan banaturik: batetik, enpresa berriaren erronkei dagozkienak, eta bestetik, enpresa bat sortzeko, elikatzeko eta mantentzeko ezinbestekoak diren balio pertsonalen garrantzia lantzen dutenak; eskuzabaltasuna partekatzeko gaitasunaren garapenari loturik, beldurrak eta zalantzak gainditzeko kemena, aldarte ona arazoak erlatibizatzeko eta horiei aurre egiteko, sortzaileagoak izateko gaitasuna.

Horrez gain, azokak negozio-arlo bat du. Horretan, 100 inguru ekintzailek beren proiektuen, produktuen eta zerbitzuen berri eman dute standen bidez.  Eta osagarri gisa, enpresa sortu berriak dituzten ekintzaileek beren negozioak aurkezteko aukera izan dute.

Halaber, ‘EMPRENDE 2012’ tresna ezin hobea da talde-dinamiketan adituak direnek, Networking guneak baliatuz, ekintzaileen arteko batasuna nola lantzen duten ikasteko, horrek laguntzen baitio bakoitzari bere komunikazio-gaitasuna ateratzen, eta beren beldur eszenikoa gainditzen.

Jardunaldiaren ondorio gisa esan dezakegu pertsonen arteko harremanek eta ekiteko lankidetzak funtsezkoak direla ideia batean, aldaketa nahiz enpresa-proiektu batean arrakasta lortzeko. Besteekin banatutakoa beti izanen da hobea; indarrak metatu beharra dago.

Gaitasun pertsonalak, tabuak alboratzea, hobetzeko grina, ausardia, marka pertsonal bat sortzea, eskuzabaltasuna, berrikuntza, motibazioa, eta, jakina, aldarte ona; hori guztia izan da ‘EMPRENDE 2012’, ekintzaile senaren isla peto-petoa.

Por | 2012-10-05T08:19:04+00:00 octubre 5th, 2012|Albisteak|Comentarios desactivados en Azoka: ‘EMPRENDE 2012’ , ekintzaile senaren isla peto-petoa