Cederna Garalur Elkartea emakumeei sostengua ematen landa-eremuan.

“Rural Women Workshop” kongresua

Urriaren lehen astean I. ‘Rural Women Workshop‘ kongresua egin da Nitra-n (Eslovakia). Kongresuaren ardatza izan da emakumeek landa-eremuan bizi duten egoera. Cederna Garalur Elkartea Garbiñe Elizegik, Nafarroako Mendialdean bizi eta lan egiten duen eta Baztango alkate eta elkartearen zuzendaritza-batzordekide den emakumeak, ordezkatu du kongresuan.

Europako Batzordeak antolatutako tailerrean 7 herrialdetako 15 emakumek hartu dute parte: Bulgaria, Alemania, Eskozia, Eslovakia, Espainia, Polonia, Errumania eta Euskal Herria; gehienak emakume ekintzaileak. Tailer ofizialak web eta marketin-tailerrak hartu zituen barne, eta enpresa-arlora bideratuta. Horrez gain, azken bi egunetan tokiko ekintza-taldeak garatutako eta Europako funtsek finantzatutako proiektuak bisitatu zituzten: eraikin historikoak zaharberritzea, kultur ekintzak, emakumeentzako esku-langintzako tailerrak, emakumeak aitzindari dituzten ekimenak, besteak beste; haztegi bat eta landa-aterpetxe bat, landetxe bat, eta hipika zentro bat.

Garbiñe Elizegiren esanetan, kongresuaren alderdirik positiboena izan da «laborantza ekologikoan, horiek tokian tokiko bitartekoak baliatuz merkaturatzen benetan berritzaileak diren enpresa-esperientziak erakusteko aukera izatea, besteak beste; ekilore-olio ekologikoa, kuia-haziak, TEFF (Palentzian lantzen den zereal-barietate bat). Halaber, kongresuan, landa-inguruneko emakumeen ahalduntze-proiektuen berri izan dugu, Euroko ekialdeko emakumeen esperientziaren bidez; horrek aukera eman digu Europan emakumeek asoziazionismoaren eta kooperatiben bidez antolatzeko dituzten moduak alderatzeko. Eta, azkenik, kongresuak hainbat erakunderekin kontaktuan paratzeko aukera eman digu; besteak beste, FADEMURekin (landa-eremuko emakumeen giza eskubideak defendatzeko ekimenak dituen erakundea)».

Hala ere, esperientziak trukatzea eta kontaktuak kongresuaren egitarau ofizialaz haratago landu dira. Garbiñek faltan sumatu du ‘landa-eremuko emakumeek beren komunitatean edo politikan izan duten parte-hartze aktiboaz eta agerikoaz eztabaidatzeko guneak, baita emakumeen arteko antolaketa nahiz enpresa-ekimena sustatzeko ekimenez eztabaidatzeko guneak ere». Ez dugu ahantzi behar landa-eremuko emakumeen arazoetako bat: «Aukera-gabeziak gure herriak uztera behartzen gaitu, eta egoera hori ekonomia-krisiak larriagotzen du». Hala ere, egiazki, landa-eremuan emakumeek duten arazo nagusia «gizarte-egituran pairatzen duten diskriminazioa da; bere osotasunean heldu beharko litzaioke afera horri, ikastetxeak eta prestakuntza-zentroak, tokiko elkarteak, oinarrizko gizarte-zerbitzuak, lan- eta enplegu-orientazioko eskualde-zerbitzuak, eta, jakina, tokian tokiko, eskualdeko nahiz erregioko herri-instituzioak tartean hartuko dituzten politiken eta programen bidez’.

Ikuspuntu horretatik, Cederna Garalurrek, ‘Nafarroako Mendialdea’ landa-lurraldean diharduen elkarteak, genero-ikuspegia eta aukera-berdintasuna izan behar ditu elkartearen zutabe estrategikoak Nafarroako Mendialdeko herritarren garapen orekatua eta bidezkoa bermatuko baditu; izan ere, emakumezkoen ekimenari sostengua emateak eta ekimen hori sustatzeak gure Mendialdea aberastu eta indartuko baitute.

 

 


 

Por | 2012-10-19T07:07:46+00:00 octubre 19th, 2012|Albisteak|Comentarios desactivados en Cederna Garalur Elkartea emakumeei sostengua ematen landa-eremuan.