Cederna Garalur Elkartea, euskaraz lan egiten duen lehen azoka ‘Enpresarean’ gonbidatua.

Urriaren 2an egin da Donostian ‘Enpresarean‘ azoka, euskaraz diharduten enpresen lehenengo azoka, helburua izanik beren produktuak edo zerbitzuak euskaraz ematen dituzten enpresen, elkarteen eta erakundeen arteko harremanak sustatzea, lan-harremanak bultzatuz, taldean lan egiteko moduak aztertuz eta negozio-bide berriak zabalduz.

Lehen ekitaldi honetan antolatzaileek Cederna Garalur Elkartea gonbidatu dute azokara; izan ere, eskualdean diharduen garapen-agentzia izanik, gure elkarteak euskara darabil bere lan-arlo guztietan (enpresekin, toki-erakundeekin, herritarrekin). Horrez gain, euskara darabilen lurralde fisiko bat ordezkatzen du; Nafarroako Mendialdea, hain zuzen ere.

Cederna Garalur Elkarteak stand bat paratu du azokan, ez soilik bere jardueraren eta proiektuen berri emateko, baita gure lurraldeko enpresa guztiek horretan parte hartzeko aukera izateko ere. Horretarako, posta elektroniko bidezko informazio-kanpaina bat landu du. Horrela, Cederna Garalur Elkartearen standa Nafarroako Mendialdeko enpresen berri emateko, Nafarroako Mendialdeko enpresei ‘Enpresarean’ ekimenean parte hartzera gonbidatzeko, eta beren stand propioa eduki ez eta azokan egin zitzaketen kontaktuekiko topaleku izateko tresna bihurtu da. Mendialdeko 6 enpresek onartu zuten gonbidapena: Lacturale (Arakil); Comercial Ciganda (Lantz); Vermican (Iruña); Aralar-Urbasa Landetxeen Elkartea eta Kaardel landetxeak.

Bestalde, standa bisitatu duten enpresek interesa erakutsi dute teknologia berrien aplikazioarekin, infografiarekin, konpostaje komunitarioarekin, arkitektura leheneratu eta integratzearekin, berdintasun-planekin eta euskaraz emandako prestakuntzarekin.

Horrez gain, Cederna Garalur Elkarteko teknikariek, programatutako 15 tailerretatik hainbatetan parte hartu zuten, besteak beste: Euskadiko Kutxak emandakoan; mahai-inguruan, non euskara (eta bestelako hizkuntz gutxituak) ustiatzea aztertu baitzen, enpresen arteko harremanak indartzeko eta sinergia berriak bilatzeko, eta bezeroak fidelizatzeko; ‘K2K Emocionando’, enpresen eraketan aldaketak egiten dituen aholkularitza-enpresa, enpresa horien giza gaitasuna oinarri hartuta; eta, azkenik, ‘Lehiakortasunari buruzko tailerra’ izenekoan, HUB Donostiak dinamizaturik, azokan izan ziren enpresen parte-hartzearekin.

‘Enpresarean’ azokan izan ziren Izaskun Abril eta Arantxa Arregi (Baztango eta Bidasoako eskualdeko garapen-eragileak), eta Irene Gastaminza, Cederna Garalur Elkarteko enpresak eta enplegua arloaren koordinatzailea.

Argibide gehiagorako: www.enpresarean.org.

Harremanetarako:
Irene Gastaminza ‘Enpresak eta enplegua’ arloaren koordinatzailea. Tel.: 696 53 38 10.igastaminza@cederna.es
Arantxa Arregi. Malerreka-Bortziriak-Bertizarana eskualdeko garapen-eragilea. Tel.: 626 43 13 57. bidasoa@cederna.es
Izaskun Abril. Baztan-Urdazubi-Zugarramurdi eskualdeko garapen-eragilea. Tel.: 626 43 13 57. baztan@cederna.es

 

Por | 2012-10-10T07:53:52+00:00 octubre 10th, 2012|Albisteak|Comentarios desactivados en Cederna Garalur Elkartea, euskaraz lan egiten duen lehen azoka ‘Enpresarean’ gonbidatua.