Mendialdetik: Oibarrek ‘XI. Antzinako Azoka’ ospatuko du urriaren 26tik 28ra bitartera

(Iturria: Consorcio Turístico Tierras de Javier-Xabierren Lurrak)

Juglareak, zaldunak, damatxoak, malabaristak eta zapelatz-hezitzaileak… beste urte batez Oibarko karriketan izanen ditugu Erdi Aroko haien iragana berreskuratze aldera.

Urriaren 26tik 28ra bitartean, herrian XI. Antzinako Azoka ospatuko da; Antso III.a Erregearen eta Oibarko Antsa damaren garaia berpizteko, eta ekintza-egitarau ugariaz gozatzeko egutegiko nahitaezko hitzordua. Ez dira falta izanen Erdi Aroko azoka, hegaztien erakusketak, bisita gidatuak eta antzerki-antzezpenak.

Oibarko Antzinako Azokak hamargarren urtea du honekin, publiko guztiendako dibertsioz eta ikuskizunez beteriko egitarau batekin. Festa urriaren 26an (ostirala) hasiko da, arratsaldeko 19:00etan, Petrus maisuaren ibilbideari buruzkoa, udaletxean. Hizlaria Simeón Hidalgo Valencia ikerlaria izanen da. Bukatzeko, bisita gidatua eginen da Santa Maria elizara. Halaber, 19:00etan ‘Izuaren Etxea’ Inauguratuko da aurrera begira museoa izanen den eraikinean.

Urriaren 27an, larunbata, Oibarrek egun garrantzitsuena biziko du. Goizeko 11;00etatik, 60tik gora esku-langilek (hainbat produktu lantzen dituztenak: pastak, ardoak, eztia, hestebeteak, txokolatea, patea, almendrak, marmeladak, ukenduak, paparrekoak, loreak, zilarra, harria, makillajea, arropa, larrua eta xaboia, besteak beste) salgai jarriko dituzte beren produktu-eskaintza zabala. Horrez gain, bisitariek dagoeneko ahazturik dauden esku-langintzak gogoratu edo ezagutu ahal izanen dituzte; besteak beste, zeramikagileak, eltzegile nahiz beira-putzegileak. Orobat, hegazti harraparien erakusketekin eta arku-tiraketarekin gozatu ahal izanen dute.

Azokako beste hitzordu garrantzitsua Erdi Aroko meza da. San Pedroko eliza erromanikoan, pentokaren gainaldean, meza emango da goizeko 11:00etan, Erdi Aroko errituak eta usadioak berreskuratuta. Berriz ere herrigunera itzulita, eguerdiko 12:00etan bisita gidatua eginen da alde zaharrean barrena Santa Maria elizatik abiatuta. Hortik ordubetera, Aritza abesbatzaren emanaldia izanen dugu Hospitalero plazan (San Pedro elizaren ondoan). Horiez gain, egun osoan zehar, Izuaren Etxea publikoari zabalik egonen da (paseak 20na minuturo izanen dira). Interesa dutenek argibideen postuan eman dezakete izena.

Arratsaldez, berriz, giroa plazan izanen da. Arratsaldeko 19:30ean, Oibarko txarangak ikusleak animatuko ditu, eta 20:00etan, Nafarroako txerriki-dastatzea eginen da.

Hurrengo egunean, urriaren 28an (igandea), Antzinako Azokak antzerkia izanen du protagonista. Herriko antzerki-taldeak bi emanaldi eginen ditu; 18:00etan bat, eta 20:00etan bestea. Antzezlana: ‘Sobre zarzas y marzas’, Oihane Anduezarena.

Harremanetarako:

  • Consorcio Turístico Tierras de Javier-Xabierren Lurrak. Tlf. 948 430 436// 629 170 970 URL:www.tierrasdejavier.com
  • Ayuntamiento de Aibar/Oibar. Tlf: 948 877 005 Posta elektronika: info@aibar-oibar.org URL: www.aibar-oibar.org
Por | 2012-10-24T12:28:55+00:00 octubre 24th, 2012|Albisteak|Comentarios desactivados en Mendialdetik: Oibarrek ‘XI. Antzinako Azoka’ ospatuko du urriaren 26tik 28ra bitartera