‘Lankidetza tokiko ekintza-taldeen DNAn dago’

Halaxe baieztatu du Cederna Garalur Elkartearen lehendakari Jose Mª Aierdik prentsaurrekoan ‘Hurbileko erromanikoa‘ proiektuaren emaitzak ematerakoan.

Ekimena Cederna Garalur Elkartearen eta Nafarroako Erdialdeko Garapen Partzuergoaren arteko lankidetzaren emaitza da. Bi agentziek elementu komun bat partekatzen dute: langai dituzten lurraldeetako erromaniko-garaiko monumentuen aberastasuna. Hori abiapuntu hartuta, eta familiak erakarriko dituen produktu turistiko bat sortzeko erakargarri gisa ustiatzeko, bi erakundeek lankidetzan jardun dute bi urtez hainbat sentsibilizazio-ekimen martxan jartzen, publiko guztiei erromanikoa ezagutzera emateko eta horren inguruan trebatzeko. Horren lekuko ditugu: Cederna Garalur Elkarteak Artaitzen, Oibarren, Zangozan, Otsagabian eta Orreagan ‘Erdi Aroko abenturak‘ izenburupean antolatu dituen gymkhanak; Nafarroako Erdialdean antolatutako ‘Románico enigmático’ aztarna-jolasa; eta ‘Vamos a conocer románico’ nahiz ‘Asómate al románico’ liburuak (dagoeneko 6.000 ale eman dira argitara).

Halaber, Nafarroako Erdialdeko tokiko ekintza-taldeko lehendakari Cristina Arconadaren hitzetan ‘berria eta berritzailea’ da teknologia berriak erabiltzea tokiko ondare erromanikoa sustatzeko eta bultzatzeko tresna gisa. Horren lekuko aipatu ditu sare sozialak (‘turismoromanico.facebook.com’ bidearen bitartez) eta egindako ekintza guztiak jasotzen dituen www.turismoromanico.com webgunea.

Hala ere, Jose Mari Aierdiren iritziz, proiektu honen alderdirik garrantzitsuena ‘Nafarroako tokiko ekintza-taldeen arteak zabaldu den lan-ildo berria’ izan da, hain zuzen ere. Lankidetza funtsezko elementua da landa-garapenean, Europar Batasunak egin duen eskakizuna, baina batez ere, ‘premia bat, gure herritarren gabeziak konpontzen saiatzeko‘. Horregatik, alkatea eta landa-garapenerako erakunde baten lehendakaria den aldetik, lankidetza eta elkarrekin egindako lana defendatu ditu, ‘lurraldean lan egiten duten erakunde publiko eta pribatu guztiena, tokian tokikoagoak diren bestelako egituren parte-hartzea barne’. Irekiera eta parte-hartze globalaren ikuspegi horretatik, tokiko ekintza-taldeen lidergoak (Cederna Garalur, kasurako) ‘bide ematen du aukera berriak zabaltzeko, etekinak areagotzeko, eta gure zonaldeko baliabideak jarduera ekonomikoa sortuko duten produktu bihurtzeko‘. Bide horretan, Nafarroako beste tokiko ekintza-talde batzuekin lantzen ari diren hainbat ildo aurreratu ditu, natura-bideetan nahiz lehen sektorean oinarritutakoak. Horrez gain, lankidetza Landa Garapenerako egungo Planaren (2007-2013) barnean jasota dagoela adierazi du. Halaber, Nafarroako Gobernuak Nafarroako tokiko landa-garapenerako talde guztien lankidetza garatu beharra adierazi du.

http://abenturak.turismoromanico.com

‘Hurbileko erromanikoa’ izeneko proiektua Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 programako 4. LEADER ardatzaren barnean kokatzen da. Proiektuaren aurrekontua 148.907,56 € da (Cederna Garalur Elkarteak 106.502,00 € eta Nafarroako Erdialdeko tokiko ekintza-taldeak 42.305,56 €), eta Nafarroako Gobernuaren finantziazioa du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bitartez, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez.

Por | 2013-01-29T12:09:30+00:00 enero 29th, 2013|Albisteak|Comentarios desactivados en ‘Lankidetza tokiko ekintza-taldeen DNAn dago’