Mendialdetik: Josenea Lan Elkartea: laborantza ekologikoa eta pertsonen gizarteratzea eta laneratzea uztartuz.

(Carlos Garciarena, Pirinioaurreko Arroetako Garapen Agentzia)

Ekimena 2006an martxan jarri zenetik, Josenea Lan Elkartea herrialdeko sendabelar ekologikoen plantaziorik garrantzitsuena bihurtu da. Elkartearen ekoizpen-prozesuek Nafarroako nekazaritza-produkzio ekologikoaren kontseiluaren ziurtagiria dute (NNPEK). Horrez gain, Elkartea betidanik jardun da gizarte-bazterketa pairatzeko arriskua duten pertsonak lan-arloan prestatzen, horrela gizarteratze xedea betez.  Plantazioa herritarrei zabalik dago 2006az geroztik, eta dagoeneko 25.000 lagunen bisita jaso du.

Proiektua (aldi berean enpresa eta xede soziala duen Elkartea) zabaltze-fase garrantzitsu batean dago. Hori dela-eta, hainbat hobekuntza egin behar izan dira plantazioan eta ekoizpen-prozesuan: zehazki, makineria berria erosi, lantzen diren 50 landare-barietate baino gehiago sailean bertan prozesatzeko instalazioak hobetu, eta lurretarako eta eraikinetarako sarbideak eta seinaleztapenak hobetu, ikastetxeei eta, oro har, herritarrei eskaintzen zaizkien bisita gidatuak hobetze aldera. Horrek guztiak 29.983 €-ko inbertsioa izan du. Kopuru horretatik, % 40 Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko Programaren (Leader 4. ardatza, 2007-2013) funts publikoak dira.

Nekazaritza ekologikoaren ikuspuntutik, Josenea Lan Elkartea erakunde aitzindaria da Estatu-mailan. Aipatu dugunez, nekazaritzako prozesuek eta nekazaritzako elikagaietako prozesuek NNPEKen ziurtagiria dute; horrenbestez, landatzen, eraldatzen eta merkaturatzen den produktuaren kalitateak ez du parekorik. Horrez gain, gunearen eraikin guztiak bioklimatikoak dira, eta ez dira hobi septikorik, ezta hondakin organiko kutsatzailerik ere erabiltzen. Energia plantazioan bertan sortzen dute ordezko teknologiak baliatuz; besteak beste, haize-sorgailuak, eguzki-plakak eta biomasako galdarak. Halaber, hondakin guztiak prozesatzen dira konposta egiteko, eta eskualdeko zenbait udaletako landare-hondakinak jasotzen dituzte xede horretarako.

Josenean aipatu beharreko beste alderdietako bat gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan dauden pertsonak lan-munduan txertatzeko ematen den prestakuntza da. kolektibo horien artean ditugu: 40 urtetik gorako gizon-emakumeak, baliabiderik ez duten gazteak, minusbaliatuak nahiz, edozein arrazoi tarteko, lan-merkatutik kanpo dauden pertsonak. Lan-prestakuntzak eta lan-ohiturak hartzeak autonomia nahikoa ematen diete pertsona horiei, eta, halaber, lan-merkatuan txertatzea bermatzen diete. 2012an txertatze bidean ziren 15 lagun kontratatu zituzten. Pertsona kontratatuak Iruñerriko (eskualdeko hiriburua) Gizarte Zerbitzuek eta inguruetako herrietakoek bidaltzen dituzte: Zangoza, Agoitz, Zaraitzu eta Erronkarikoek.

Horiez gain, Eskualdeko Enplegu Zerbitzuak ere bidaltzen ditu. Gizarte izaera horrek ahalbidetu dio Josenea Lan Elkarteari harreman estua izaten eskualdearekin eta zonaldeko udalekin; horiek harrotasunez esan dezakete bestelako enpresa bat dutela, guztiz berritzailea eta gizarte-bokazioduna, landa-eremu pribilegiatu batean.

Argibide gehiagorako:

  • Josenea Lan Elkartea. Tel. +0034 948880696. Webgunea: www.josenea.com
  • Harremanetarako: Jesús Cía Asensio. Zuzendari nagusia. Tel.: +0034667431178. Posta elektronikoa: jesuscia@josenea.com
Por | 2013-01-29T12:31:39+00:00 enero 29th, 2013|Albisteak|Comentarios desactivados en Mendialdetik: Josenea Lan Elkartea: laborantza ekologikoa eta pertsonen gizarteratzea eta laneratzea uztartuz.