Europe Direct sareak urteko bilera egin du Bruselan.

Martxoaren 18an eta 19an egin da Bruselan ‘Europe Direct’ gunean urteko batzar nagusia. ‘Europe Direct’ Europako Batzordeak Batasun osoan Europari buruzko informazio-zerbitzua ematen duten hainbat gune bere baitan jasotzen dituen sarea da, helburua izanik Europar Batasunaren jarduera herritarrei hurbiltzea eta planteatzen diren aferak konpontzea.

Gaur egun, sarea Europar Batasuneko 27 herrialdetan dago eraturik, eta 400dik gora informazio-gune eta dokumentazio-zentro ditu. Nafarroan, Cederna Garalur Elkarteak du Foru Erkidegoko informazio-gune bakarra.

Aurten, batzar nagusiak bi puntu mamitsu izan ditu: batetik, 2013-2017 programa operatiboa martxan jartzeko izan da baliagarria, eta bestetik ongi etorria egin zaie sarera bildu diren gune berriei.  Horrez gain, aurten ‘Herritarren urte europarra‘ ospatzen ari da. Hori dela-eta, batzarrak ardatz izan zituen herritarrek Europako instituzioez duten ikuspegia aztertzea, nola berreskuratu herritarren Batasunarekiko konfiantza, eta zein izan daitekeen helburu horri begira Europari buruzko informazio-guneen eginkizuna aztertzea, Europaren eta herritarren arteko komunikazioa hobetuz.

 18ko saioan osoko bilkurak eta gonbidatuen arteko eztabaidak egin ziren. Europako Batzordeko presidente Viviane Reding-ek eman zion hasiera saioari. Hizpide izan zuen, besteak beste, nola berreskuratu herritarren Europar Batasunarekiko konfiantza, batez ere krisi urte hauetan herritarrek aurrekontu-doiketa eta -murrizketa asko Bruselatik datozela sumatzen dutenean, eta Europan europeismoaren aurkako hainbat mugimendu sortu direnean, ez dutelako ikusten, argi eta garbi, Europa babes-neurria izan daitekeenik. Egoera horren aitzinean, nola eman berriro ere balioa Europar Batasunari herrialde askoren garapenerako? Horiexek izan ziren ondorengo eztabaidetan (publikoari zabalik) landutako aferetako batzuk.

19ko saioan, parte hartzeko ekimenak antolatu ziren. Horietan, Europari buruzko informazio-guneetako ordezkariek beren azalpenak eman zituzten, honako hiru afera hauen inguruan: ‘Zein dira EDICen erronkak eta aukerak herritarren Batasunarekiko konpromisora erakartzeko eta konpromiso hori lortzeko?’, ‘zein dira herritarren premiak europar senti daitezen?’, eta ‘zein eginkizun betetzen dute EDICek herritarren Batasunarekiko konpromisoa lortzeko?‘.

Bertaratuei beren lekuak utzi eta Europako beste ordezkarien ondoan esertzeko gonbidapena egin zitzaien. Lehenik, talde txikitan (bospasei lagun) eztabaidatu zuten, eta ondoren iritziak bateratu zituzten denen artean. Nazionalitateak tartekatzeak eta erakunde-mota desberdinek (toki- eta eskualde-erakundeak, elkarteak, GKEak, landa-eremuetako tokiko ekintza taldeak –Cederna Garalur Elkartea kasu-) EDICei buruzko ikuspegia, horiek dituzten arazoak eta beren lurraldeetan nola jardun behar duten partekatzeko aukera eman zuten. Ondorioetako batzuk taula batean jaso ziren ekitaldia burutu zen eraikinaren sarreran, eta honako hauek izan ziren: ‘Ezin dugu ildo politiko handiez hitz egin, pertsonak onuradunak izango dituzten proiektu zehatzez hitz egin behar dugu’; ‘maila globaleko politika handien eta tokian tokiko proiektu txikien arteko lotura ezartzen saiatu behar dugu’; ‘Europaren presentzia areagotu behar dugu tokiko eta eskualdeko hedabideetan, eta Europak ekimenak zabaltzeko ematen duen babesa eta finantziazioa esplizituki adierazi’; ‘Europan inolako taburik gabe hitz egin behar da herritarrei zuzenean eragiten dieten arazoez, langabeziaz eta pobreziaren gorakadaz, kasu’; ‘Europar Batasuneko burokrazia arindu’; ‘emakumeek Europan duten eginkizuna indartu’; ‘GKEei eta bestelakoei entzuten ikasi, gazteria, langabetuak, etorkinak eta bestelako gaien inguruan’; ‘Europar Batasuna herritarrengan begikotasuna pizten duten elementuekin lotu, kirolarekin edo kulturarekin, besteak beste‘.

Izan ere, bertan zirenetako batek esan bezala, ‘Europako herritarrak europartzat dute beren burua; batez ere gazteek. Dagoeneko ez dago alderik bizimoduari, arropari, aisiari eta bestelako hainbati dagokienez. Muga politikoez haraindi, europar herritarrok bizi-estilo eta beste inguruetatik bereizten gaituzten kultura-balio berdinak ditugu. Baina horretaz jabetzeko, gure mugetatik atera beharra daukagu‘.

Eztabaidak webgunean darrai: http://europa.eu/citizens-2013/

Por | 2013-04-12T11:09:38+00:00 abril 12th, 2013|Albisteak|Comentarios desactivados en Europe Direct sareak urteko bilera egin du Bruselan.