Mendialdetik: Nafarroako batBIRAlau kultur zirkuituaren bosgarren edizioa, Topagunearen eskutik

(Iturria: Topagunea)

  • Kalitate eta formatu handiko euskarazko lau ikuskizun eskainiko ditu Nafarroako beste horrenbeste herritan
  • Apirilaren 14ean hasi eta Maiatzaren 24ean amaituko da
  • Anari eta Ruper Ordorika Kontzertuak eta “Pottola” eta “Lingua Nabajorum” antzezlanak izango ditu gonbidatu.

Euskaltzaleen Topagunea batBIRAlau, euskal kulturaren Nafarroako zirkuituaren bosgarren edizioa aurkeztu du Iruñean. Zirkuitua apirilaren 14ean hasi eta maiatzaren 24ean amaituko da, eta formatu zein kalitate handiko lau ikuskizun eramango ditu Elizondo, Bera, Agoitz eta Etxarri Aranatzera.

Federazioaren zein bere kide diren Euskara Elkarteen helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, besteak beste, kulturgintza lantzen dute, kultur sormena eta haren kontsumo aktibo eta gozagarria bultzatuz. Zeregin horretan, gainera, zirkuitua edo batera jardutea hobesten dute bakarkako eskaintzen aurrean. Izan ere, Euskara Elkarteen izaera zein kopurua kontuan hartuta (Nafarroan 16 elkarte dira Topagunearen bazkide), zirkuituek aukera paregabea eskaintzen dute ekimenen eremu geografikoa zabaldu eta jende gehiagorengana iristeko. Horren adibide dira Topaguneak antolatzen dituen Film Laburren Zirkuitua, Irakurri, Gozatu eta Oparitu, Kultur Errota eta hari lotutako formatu txikiko eskualde zirkuituak.

Horien haritik, Nafarroan kalitate handiko euskarazko kultur programazio koordinatua egiteko proposamena da batBIRAlau, aurten bosgarrena gauzatzen dena. Helburu nagusia Nafarroako herri eta eskualdeetako kultur dinamika indartzea eta aberastea du, ikusleen bizi kalitatea hobetuz. Horretarako, aurreko lau edizioen bideari jarraiki, kalitate goreneko lau kultur ikuskizunek osatutako ibilbide koordinatu eta erakargarria eskainiko du Nafarroako hainbat zonaldetan. Eskualde bakoitzeko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartu eta hainbat ikus entzule mota zein adin talderi zuzendutako kultur eskaintza askotarikoa eta erakargarria antolatu du Topaguneak.

Horrelako proiektu bat aurrera eramateko antolakuntza sendoa bermatzea behar-beharrezkotzat jotzen dute antolatzaileek. Horretarako, ezinbestekoa ez ezik, egitasmoaren helburu nagusienetakoa ere bada, erakunde publiko zein pribatuekin eta gizarte mugimenduarekin elkarlanean aritzea. batBIRAlau izeneko egitasmo hau, horren adibide argia da: euskara elkarteen ekimenez abiatu zen kultur zirkuitu honek, CEDERNA GARALURek emandako bultzadari esker, Nafarroako LEADEReko 4.ardatza (PDR 2007-2013) programako funtsak, (%55) Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez eta %45 Nafarroako Gobernuaren finantziazioaren bidez, egin du bide eta Elizondo, Bera, Etxarri Aranatz eta Agoizko udalek, eta Diario de Noticias zein Berria egunkariek eskainitako babesean aurkitu du aurrera jarraitzeko adorea.

Euskaltzaleen Topagunea 1997an sortu zen, eta Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 97 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.

Por | 2013-04-17T09:03:47+00:00 abril 17th, 2013|Albisteak|Comentarios desactivados en Mendialdetik: Nafarroako batBIRAlau kultur zirkuituaren bosgarren edizioa, Topagunearen eskutik