Lurralde arteko lankidetzari buruzko jardunaldia Auritzen

Pasa den abenduaren 9an (astelehena) mendialdeetan lurralde arteko lankidetzari buruzko jardunaldia egin zen Auritzen. Jardunaldia Cederna Garalur Elkartearen ‘Europe Direct’ Europari buruzko informazio-bulegoak antolatu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko HAZIren ‘Europe Direct’ zerbitzuarekin lankidetzan, eta Caixa Banken babesa jaso zuen.

Goiz bateko iraupena izan zuen jardunaldiak bidea eman du lurralde arteko lankidetzak (herrialde berean nahiz herrialde mugakideetan) landa-lurraldeei bultzada ematen lagundu duten proiektu berritzaileak martxan jartzen eman dituen emaitzei eta izan duen eraginari buruz hausnartzeko.

Jardunaldiak honako alderdiok, besteak beste, jarri zituen agerian:

  • Tokiko ekintza-taldeek interes berezia erakutsi dute 2014-2020 aldirako ezarriko diren garapen-estrategien diseinuan parte-hartze aktiboa izateko.
  • Cederna Garalur Elkarteak interesa du eta garrantzia ematen dio eskualde-lankidetzaren eta nazioarteko lankidetzaren bidez tokian tokiko biztanleen enplegu-aukerak eta bizi-kalitatea bultzatzen lagunduko duten jardueretan parte hartzeari.
  • Euromontana elkarteak mendialdeetako erakundeen lobby gisa ematen dizkigun aukerak, batetik Europari antzeko arazoen eta kezken berri helarazteko, eta, bestetik, gure lurraldeen garapen-aukerak hobetzen lagunduko duten ekimenak bilatzen ahalbidetzeko.
  • Nafarroako Mendialdeak hainbat sektoretan (nekazaritzako elikagaiak, baso-baliabideak eta turismoa, besteak beste) tokian tokikotik globaltasunerantz landuko diren estrategiak definitzeko erabilgarri dituen baliabideen ahalmena.

Jardunaldia ireki eta ongi-etorria eginda, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Garapeneko kontseilari Jose Javier Esparzak 2014-2020 aldirako landa-garapenerako programa berriaren oinarrizko ildoak eta programa zein egoeratan dagoen azaldu zituen, eta adierazi zuen lehentasunezkoa izanen dela enplegua sortuko duten proiektuak lantzea, mendialdea eta landa-eremuak bizitzeko eta lan egiteko eremu gisa finkatzeko.

Mugaz gaindiko ikuspegia Jone Fernandezek eta Cristina Arcayak eman zioten, hurrenez hurren Euromontana elkarteko kideak eta Nafarroako Gobernuko eskualdeen arteko harremanetarako atalburuak. Biek hala biek beren esperientzien berri eman zuten, eta, esperientzia zehatzen bidez, tokian tokiko erkidegoak garatzeko mugaz gaindiko lankidetzak eta berrikuntzak duten onurak azaldu zituzten.

Ondoren, hiru lan-mahai egin ziren: berrikuntza nekazaritzako elikagaien sektorean; biomasa eta baso-baliabideak mendialdeko eskualdeetan; eta ekintzailetzarako aukera berriak mendialdeetan. Eztabaidarako mahai horiek praktikoak izan ziren nagusiki. Hizlariek beren esperientzia azaldu zieten bertaratuei, eta beren proiektuen berri eman zieten.

Jardunaldiari amaiera Cederna Garalur Elkartearen zuzendari-gerente Isabel Elizaldek eman zion. Isabelek erakundearen lurralde arteko lankidetzarekiko esperientzia, planteamenduak eta hausnarketak azaldu zituen.

Jardunaldiari hasiera emateko, bertan zeuden Jose Irigaray (Aurizko alkatea), Jose Mari Aierdi (Cederna Garalur Elkartearen lehendakaria), eta Jone Fernandez (Landa Ingurunerako, Ingurumenerako eta Itsas Ingurunerako Eusko Jaurlaritzaren herri-fundazioa den HAZIko proiektu europarretarako unitateko arduraduna).

Jaitsi:

Por | 2013-12-16T11:22:06+00:00 diciembre 16th, 2013|Albisteak|Comentarios desactivados en Lurralde arteko lankidetzari buruzko jardunaldia Auritzen