Erroibarko Udalak eta Cederna Garalur Elkarteak Erroibarko bidezidorren sarea aurkezten dute; bide-sareak sortzeko eredua

Erroibarko bidexken sarea digitalizatzea, balioa ematea eta aipatu sarea sortzea Nafarroako Erdialdeko zonaldearekin landutako lankidetza-proiektu baten barnean landutako ekintza da, eta horretan, bideak dira protagonista.

Azken urteotan, Erroibarko Udalak udalerriko hainbat bidexka berreskuratu ditu, eta, azkenik, Cederna Garalur Elkartearen babesarekin, eta Ekilan enpresaren laguntza teknikoarekin bidexken informazioa jasotzen duten fitxak eta bidexka horien GPX trazadura landu dira. Bideak eta herriak lotu dira, eta zeuden ibilbideak 26ra zabaldu dira. Ekintza horiek «Gure bideetan barrena» izeneko lankidetza-proiektuaren barnean landu dira.

Ibilbideek, Erroibarko edozein udalerritatik abiatuta, herriak lotzen dituzte, ibarrean zehar ‘sare’ bat josiz. Sareko bideek zailtasun-maila desberdinak dituzte, eta iraupenez ere desberdinak dira (1,8 km-tik hasita, 22 km-taraino). Hogeita sei bideetatik bederatzi bizikletan egin daitezke; maldatsuenak Adi, Larrogain eta Tiratumerako igoerak dira.

Erro udalerrian bidexka gehiago daude, dezente. Cederna Garalur Elkarteak Erroibarren duen garapen-eragile Edurne de Miguelen hitzetan, «sare horrek mugaz bi aldeetako beste ibar eta herri mugakideekin bideak zabaltzen eta lotzen jarrai dezake. Gaurko erronka bikoitza da; batetik, sarea ezagutzera ematea, baina, bestetik, ahalegintzen jarraitzea bidexka horiei eutsi ahal izateko, eta gure eguneroko erabilpenetarako baliatu ahal izateko; hau da, herriak eta jendea elkartzeko. Ez dugu ahantzi behar, halaber, Erroibar ezagutzeko, eta bisitan etortzeko estrategikoak direla, beste erakargarritasun bata. Horrez gain, berez baliabide bat dira, eta horretatik abiatuta, orainari eta etorkizunari begirako turismo-produktu jasangarriak sor ditzakegu.

Gure herrien artean lan-sare bat eta bide-sare bat egituratzen joateko beste urrats bat da, batetik bestera joaten, eta horien inguruan herriak berreskuratzeko, mantentzeko eta horiez gozatzeko dinamikak eta proposamenak sortzen lagunduko diguna. Ez dugu ahaztu behar Nafarroan, esate baterako, bide handiak ditugula; besteak beste, Donejakue bidea, errege-altxonbideak nahiz natura-bideak. Horiek, «ardatz egituratzaile» nagusiak dira, «natura-autopistak» bailiran, beste tokiko sare batzuekin (Erroibarkoa, kasu) lotzeko baliagarriak.

Hain zuzen ere, Mendialdea eta Nafarroako Erdialdea zeharkatzen duten tokiko bide-sareak elkarri lotzeari begira, Cederna Garalur Elkarteak eta Nafarroako Erdialdearen garapenerako elkarteak 2013an «Gure bideetan barrena» izeneko proiektua abiarazi zuten. Aipatu proiektuak Nafarroako Gobernuaren eta Europar Batasunaren babesa eta finantziazioa ditu, ‘Nafarroako Mendialdea’ LGP 2007-2013 programaren bidez.

Harremanetarako:

  • Edurne De Miguel Zufiaurre. Cederna Garalur Elkarteko tokiko garapen-eragilea. Telefonoa: 639 905357. Posta elektronikoa: erro-aezkoa@cederna.es

Ibilbideei buruzko informazio gehiago:

Jaitsi:

Por | 2014-04-15T09:35:48+00:00 abril 15th, 2014|Albisteak, Prentsa Aretoa|Comentarios desactivados en Erroibarko Udalak eta Cederna Garalur Elkarteak Erroibarko bidezidorren sarea aurkezten dute; bide-sareak sortzeko eredua