Emakumezkoen “Munduko lehenengo mendi-maratoia” Nafarroan jokatuko da asteburu honetan

“800 Dukado” izenpean, irailaren 7an (igandea) jokatuko da lasterketa Sunbilla, Doneztebe, Elgorriaga eta Narbarte herrietan.
(Iturria: turismo.navarra.es)

Dakigula behintzat, munduan inoiz jokatu gabea den emakumezkoen mendi-maratoia irailaren 7an (igandea) jokatuko da lehenengoz Bidasoa-Berroaran mendietan barrena; alegia, Sunbilla, Doneztebe, Elgorriaga eta Narbarte herrietan barrena, Nafarroako Pirinioetan. “800 Dukado” lasterketarako izen-emateak honako web-orrian egin daitezke: www.800dukado.org.

Irailaren 7an emakume guztiek kirol-oinetakoak jartzea helburu hartuta, hainbat mendi-ibilbide antolatuko dira, maila desberdinekoak, parte-hartzaile bakoitzak bere lasterketa aukera dezan: 42 km-ko maratoia, goi-mailako lasterkariendako; maratoi-erdia, 21 km, gaur gero ondo dabiltzanentzat; eta 6 km-ko herri-lasterketa/martxa bat, lan hauetan hasi nahi dutenendako. Halaber, haurrendako lasterketa bat (800 m) egonen da, metro bat dukat bakoitzeko; horretan neska-mutikoek hartu ahal izanen dute parte, baina haien amekin batera. Horrez gain, 21 km-ko Nordic Walking martxa bat egonen da, oinez ibiltzea nahiago dutenendako.

Maratoia Sunbillako zubian hasi eta bukatuko da. Hantxe elkartuko dira korrikalari guztiak, baita maratoi-erdikoak ere: azken horiek Elgorriagako bainuetxean hasiko dute lasterketa. Hortaz, bi lasterketetako korrikalariek elkarrekin eginen dituzte azken 21 kilometroak, eta, zubira iritsita, guztiek ospatuko dute balentria herri-lasterketako eta haurren mailako korrikalariekin.

Antolatzaileek diote halako ekimenak nahitaezkoak direla testuinguru honetan, “lasterka egitea, oro har, eta zehazki emakumeen artean lasterka egitea hartzen ari den indarrari bultzada emateko. Kirola egiteak duen garrantziaren inguruko kontzientzia piztu nahi diegu emakumeei, lasterketa batean parte hartzea sekula pentsatu ez duten emakumeak horretara animatu, parte hartzera animatu. Hainbat maila proposatu ditugu, erronka ez dadin traba izan, eta zergatik ez, behingoagatik helmuga zeharkatzen lehenengoa izan dadin. Ilusioz eta uste sendoarekin antolatu dugu emakumezkoen kirol-ekitaldi hau, modu integratzailean. Gainerako lasterketa mistoetan emakumezkoen parte-hartzea handiagoa izan dadin”.

Begien bistakoa da lasterketak mundu zabalean hartzen ari diren indarra. Baina, beste hainbat sektoretan bezala, emakumeari gizonari baino ibiltarte handiagoa falta zaio horretan ere. Nahiz eta Europako eta Estatu Batuetako herrialde askotan lasterketetan gizon-emakumeen parte-hartzea ia parekatzea lortu duten, gure ingurune honetan emakumezkoen parte-hartzea % 21 ingurukoa da asfaltoan, eta % 7 mendian. Horrexek bultzatu ditu, hain zuzen ere, Abiatu Kirol Kluba eta 800 Dukado Kirol Kluba proba hau antolatzera. Mendi-maratoi hau antolatuta, bultzada eman nahi izan diote emakumezkoen kirolari, esperientzia bakarra, esklusiboa izanen da emakumeentzat, ingurune ezin ederrago batean.

Doneztebek, Elgorriagak, Narbartek eta Sunbillak administratu eta gozatzen dituzten Bidasoa-Berroaraneko mendiak Nafarroako Pirinioetako parajerik ederrenetakoak dira, eta, inolako zalantzarik gabe, ingurune xarmangarria trail-a egiteko. Mendaur tontor ospetsu eta erakargarria ardatz hartuta, Suspiro, Ekaitza eta Mendieder mendiak zeharkatzen ditu, luze gabe, emakumezkoen kirolaren historian atal berri bat idazteko bidean den lasterketa honek.

“800 Dukado” izeneko lasterketa Cederna Garalur Elkartearen babesa dauka “Gure bideetan barrena” lankidetza-proiektuaren bitartez, azken hori Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasunak finantzaturik “Nafarroako Mendialdea” LGP 2007-2013, LEADER-en 4. ardatzaren bidez finantzaturik.

Por | 2014-09-05T06:35:34+00:00 septiembre 5th, 2014|Albisteak|Comentarios desactivados en Emakumezkoen “Munduko lehenengo mendi-maratoia” Nafarroan jokatuko da asteburu honetan