Juan Antxietaren ondare artistikoa zabaltzeko proiektu berri bat bultzatu dute

cartel_juan_anchieta(Iturria: Diario de Navarra)

Irailaren 30etik aitzina, bisita gidatuak eginen dira Agoizko, Añorbeko, Kasedako eta Tafallako erretauletara.

Añorbeko, Agoizko, Kasedako eta Tafallako udalek, Vianako Printzea Erakundearen lankidetzarekin, tokiko ondarea zabaltzeko proiektu bat bultzatu dute, Juan Antxietari eta hark Nafarroan utzitako ondare artistikoari buruzkoa.

Juan Antxieta (1533-1588): ekimenaren arduradunen arabera, “erromanismoaren adierazgarri gorena da penintsula osoan, Miguel Angel errenazentista handiaren jarraitzaile fidela”, “Iruñeko Navarreria auzoan finkatu zen, eta foru-erkidegoan bere oinordetza artistikoaren zati handi bat utzi zuen». Gaur egun, Nafarroan Antxietaren lau erretaula daude Agoitzen, Añorben, Kasedan eta Tafallan. Nafarroan, halaber, ezagunak dira autore horren taillak, eta horien artean Iruñeko katedraleko gurutzatua.

Cederna Garalur Elkarteak Agoitzen eta Kasedan, eta Nafarroako Erdialdeko Partzuergoak Tafallan eta Añorben dituzten zerbitzuek hartu dute beren gain asmoaren eta proiektua martxan jartzeko koordinazioaren ardura. Proiektuaren helburua da inplikaturik dauden udalerrietako herritarrei, Nafarroari, oro har, eta turistei ezagutzera ematea herri horietan Juan Antxietak landutako lau erretaulak.

Ekimen horren barnean, bisita gidatuak eginen dira lau erretauletara, eta unitate didaktikoak landuko dira ikastetxeetarako. Bisitak lau egunez programatuko dira parte hartuko duten udalerrietan. Horrela, Tafallan irailaren 30ean izanen da, Agoitzen urriaren 7an, Kasedan urriaren 14an, eta Añorben urriaren 21ean. Herri bakoitzak, eta hala nahi duten bisitariek ibilbide osoa egin ahal izanen dute lau erretauletara egun bakar batean, nor bere herritik abiatuta, beste hiruetara. Bisitak dohainik izanen dira. Horien barnean ez da bazkaria sartzen; 12 euro balio du bazkariak, nahi duenarentzat. Izena 012 telefono-zenbakiaren bitartez eman ahal izanen da, Añorben izan ezik; bertan, udaletxeko bulegoetan emanen da, zuzenean.
Aurreikusitako ordutegiaren arabera, irteera 9:30ean izanen da, herri bakoitzean ezarriko den lekutik, eta itzulera, berriz, 19:00ak aldera; egunari amaiera emateko, tokian tokiko erretaulara bisita eginen da. Bestalde, kanpaina horren barnean 4.000 liburuxka elebidun eman dira argitara, eta kartel bat ere egin da. Vianako Printzea Erakundeak proiektuan lagundu du aipatu herrietako ikastetxeei eskainiko zaien gida didaktikoa prestatzen, eta ikasturtean zehar Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleei bisita gidatuak eskaintzen.

Argibide gehiagorako: deskargatu eskuorria

Por | 2018-03-28T09:49:15+00:00 septiembre 5th, 2017|Albisteak|Comentarios desactivados en Juan Antxietaren ondare artistikoa zabaltzeko proiektu berri bat bultzatu dute