Nafarroako Mendialdeko bi enpresak irabazi dute Hasi Gazte Saria

Iturria: Nafarroako Gobernua

  • Zaraitzuko Eutsi eta Agoizko Taupadak kooperatibek Cederna Garalur Elkartearen aholkularitza jaso zuten hasiberritan.
  • Nafarroako Kirol Institutuak Laboral Kutxarekin, ANELekin eta CEINekin batera antolatutako sariak abenduaren 12an banatu ziren.

Zaraitzuko Eutsi eta Agoizko Taupadak kooperatibek irabazi zuten ‘Hasi Gazte 2018‘ Gizarte Ekonomiako lehen bi sariak, «Gizarte Ekonomiako Gazte Ekimenik Onena» eta «Gizarte Ekonomiako Enpresa Gazte Kontsolidatu Onena» izeneko mailetan, hurrenez hurren. Sari bakoitzak 3.000 €-ko zuzkidura zeukan, eta abenduaren 12an eman ziren ezagutzera Iruñean antolatutako ekitaldi batean.

‘Hasi Gazte’ sariak Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuak antolatu ditu ANEL (Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkartea), Laborak Kutxa eta Nafarroako Enpresen eta «gazteen artean gizarte-ekonomiaren inguruko ekimenak sustatzea, pertsonen balioa izanik horretarako ardatza, kalitatezko enplegu parte-hartzailea, arduratsua, egonkorra eta denboran iraunkorra sortuz».

Bi enpresa horiek, hasiberriak zirenean, Cederna Garalur Elkartearen aholkularitza teknikoa jaso zuten. Elkarteak enpresaren izaera juridikoa zehazten lagundu zien, araudiari, zergei eta diru-laguntzei buruzko informazio orokorra eman zien, eta enpresa horien sustatzaileak ANELek gizarte-ekonomiako proiektuetan ematen duen zerbitzu espezializatura bideratu zituen. Halaber, Cederna Garalur Elkarteak lantegi bat antolatu zuen Agoitzen 2017ko urtarrilean, mikrokooperatibak sortzeari buruzkoa. Lantegia ANELek eman zuen.

Eutsi Kooperatiba zahartze aktibo eta osasuntsuko programak garatzen aditua da. Bost lagunek egiten dute lan, lan sozialean eta ariketa fisikoan adituak: Maia, Virginia, Katerina, Gonzalo eta Natalia. Lana Nabaskozen eta Zaraitzu Ibarrean egiten dute, despopulatzearekin eta biztanleriaren zahartzearekin arazoak dituen eremua izanik. Hortaz, kooperatiba gazte horrek apustua egin du Pirinioetako adinekoen bizi-kalitatea eta autonomia hobetzearen alde, paziente kronikoei bideratutako ariketen eta laguntza-programen bitartez. Halaber, aisialdi osasuntsua landuz adinekoen gizarteratzea bultzatzen dute.

Taupadak Kooperatiba, berriz, 2017an sortu zen, Agoizko familiei haurrak hezten erakusteko eta laguntzeko. Gaur egun kooperatiban zortzi emakumek egiten dute lan. Kooperatibak Agoizko haur-eskola kudeatzen du: 52 haur.

Enpresa bakoitzak 3.000 € jaso zituen Kultura kontseilari Ana Herreraren eta Laboral Kutxako lurralde zuzendari Javier Cortajarenaren eskutik Iruñeko egoitza zentralean antolatutako ekitaldian.

Zuzkidura ekonomikoaz gain, Eutsi Kooperatiba (Gizarte Ekonomiako Ekimen Gaztearen mailan) Nafarroako ekintzailetza-kooperatiban sartuko da; azken hori, ANELek bultzatuta, gizarte-ekonomiako enpresak sortzen laguntzen duen tresna bat da.

Por | 2018-12-20T08:46:54+00:00 diciembre 21st, 2018|Albisteak|Comentarios desactivados en Nafarroako Mendialdeko bi enpresak irabazi dute Hasi Gazte Saria