Cederna Garalur Elkarteak autokontsumo energetikoari buruzko hiru hitzaldi antolatu ditu.

  • Irailaren 23an eta 30ean eta urriaren 7an izanen dira Larraintzarren, Lekunberrin eta Leitzan, hurrenez hurren.
  • Saio horiek «Nafarroa Zirkularra» sentsibilizazio-jardunaldien barnean kokatzen dira; Nafarroako Gobernuaren eta tokiko ekintza-taldeen arteko lankidetza-proiektua landa-eremuan ekonomia zirkularra sustatze aldera.

 Cederna Garalur Elkarteak autokontsumo energetikoari buruzko hiru hitzaldi antolatu ditu irailaren 23an eta 30ean eta urriaren 7an Larraintzarren (Ultzama), Lekunberrin eta Leitzan, hurrenez hurren. Antolakuntzan hiru udalerri horietako udalek lagundu dute.

 Hitzaldiak doakoak dira eta zabalik daude trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako premiazko neurriak jasotzen dituen 15/2018 Errege Dekretuak biltzen dituen berrikuntzetan interesa duten udal-ordezkarientzat, enpresentzat eta publikoarentzat, oro har.

Larraintzarreko saioa gizarte-etxean izanen da 17:00etan. Lekunberrikoa eta Leitzakoa, berriz, 19:00etan izanen dira udaletxeetako batzar-aretoetan. Saioetara joateko asmoa duenak izena eman dezake 607679377 telefono-zenbakira deituta, Cederna Garalur Elkartearen web-orrialdean (www.cederna.eu) nahiz bidasoa.admon@cederna.es helbidera mezua bidalita.

Energia ekoiztea eta energia-kontsumoa dira ekonomia zirkularraren zutabeetako bi. Energia-kontsumoko ohiko eskemaren aurrean, autokontsumoak ahalbidetu egiten du etxeko kontsumoan energia berriztagarria sartzea, eta herritarrei energia independenteki sortzeko aukera ematen die, modu jasangarrian eta ekonomikoan, tokian tokiko energia-iturrien alde eginez: biomasa, eguzkia, haizea edo jauzi hidraulikoak, kasurako.

Apirilean onartutako 15/2018 EDk autokontsumo kolektiboa sustatzeko berrikuntzak jasotzen ditu, bai etxeetarako, bai industrialdeetarako: etxebizitzen artean energia soberakina partekatzea, autokontsumo berriztagarria, izapideak erraztea, edo zergak kentzea.

Hitzaldietan berrikuntza horiez hitz eginen da, eta partikularrei, enpresei eta toki-erakundeei zer onura ekarriko dizkien azalduko da adibide praktikoekin. Hitzaldiak David Gordejuelak emanen ditu, NASEIn lan egiten duen eta energia efizientzian aditua den ingeniaria. NASEI Cederna Garalur Elkartearen energia efizientziako zerbitzuaren enpresa aholkularia da.

Hitzaldiak «Nafarroa Zirkularra» ekimenaren barnean kokatzen dira; Nafarroako tokiko ekintza-taldeen arteko lankidetza-proiektua, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuak finantzatua, eta Lursareak koordinaturik (Jasangarritasunerako Nafarroako Agentzia). Helburua LEADER ikuspegitik Foru Erkidegoko landa-eremuan ekonomia zirkularra sustatuko duten ekintzak ezartzea da.

Argibide gehiagorako:

  • Elena Irigoyen. Cederna Garalur Elkarteko tokiko garapen-eragilea Mendialdean. : 617609328. Posta elektronikoa: mendialdea@cederna.es
  • Jaitsi: Programa

Izen-emateak:

  • Begoña Iparragirre. Tel.: 607679377. Posta elektronikoa: bidasoa.admon@cederna.es.
Por | 2019-09-13T10:01:03+00:00 septiembre 13th, 2019|Albisteak|Comentarios desactivados en Cederna Garalur Elkarteak autokontsumo energetikoari buruzko hiru hitzaldi antolatu ditu.