Cederna Garalur Elkartearekin, Agoitzek bat egin du ekonomia zirkularrarekin, «Jolastera! «Murriztu eta berrerabili! festarekin

  • Familiei bideratutako egunak helburua zuen kontsumo arduratsua eta birziklapena sustatzea, zaborrera eta edukiontzi horietara botatzen diren ontziak berrerabiliz.
  • Ekitaldian Agoizko 40 haurrek hartu zuten parte aktiboki.

 Urriaren 5ean egin zen Agoitzen «Jolastera! Murriztu eta Berrerabili» izeneko ekimena, eta horretan herriko 40 haurrek hartu zuten parte.

Cederna Garalur Elkarteak antolatu zuen Agoizko Udalarekin, Irati Hondakinen Mankomunitatearekin, guraso-elkarteekin eta ikastetxeekin eta Karekin Kultura elkartearekin lankidetzan. Ekimenaren helburua erabili eta botatzekoak ez diren hondakinen bolumenaren inguruan kontzientzia sortzea izan zen; egunero edukiontzietara botatzen diren eta bigarren erabilera izan dezaketen brickak, latak, botilak eta plastikoak (jostailuak eta jolaserako gauzak, kasurako).

Horrela, ekimenean parte hartu zuten haurrek boloak egin zituzten esne-botilak apainduta; gauzak egin zituzten hutsik zeuden tetra-brickekin; urazak landatu zituzten berrerabilitako eta apaindutako ontzietan; eta jostailuak egin zituzten plastikozko botilekin.  Txetxu Collado aktoreak alaitu zuen ekimena. Horiez gain, Irati Hondakinen Mankomunitateak garbigune mugikor bat jarri zuen; horretan, plastikozko ontziak «Iratiekin» truka zitezkeen. «Iratia» bertako dirua da, Mankomunitateak martxan jarria birziklapena sustatze aldera, eta ekimenarekin bat egin duten Agoizko 14 dendetan erabil daiteke.

Bestalde, Patxi Uharte herriko artistak agoiztarrak egin zituen haurrekin batera; instalazio kolektibo bat, botilez, tapoiez, latez, erretiluez eta ontziez egina, datozen asteotan Agoizko kultura-etxean ikusgai egonen dena. Egindako jostailuak ikastetxeetara eramanen dira, sentsibilizazio-kanpainari segida emate aldera.

Jarduera hori «Nafarroa Zirkularra» ekimenaren barnean kokatzen da; Nafarroako tokiko ekintza-taldeen arteko lankidetza-proiektua, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuak finantzatua, eta Lursareak koordinaturik (Jasangarritasunerako Nafarroako Agentzia). Helburua LEADER ikuspegitik Foru Erkidegoko landa-eremuan ekonomia zirkularra sustatuko duten ekintzak ezartzea da.

Argibide gehiagorako:

  • Ibon Mimentza. Cederna Garalur Elkarteko zuzendari-kudeatzailea. : 600 441170. Posta elektronikoa: imimentza@cederna.es.
  • Kati Leatxe. Karekin Kultura. Kultur koordinatzailea. : 664.388.696. Posta elektronikoa: info@karekinkultura.eus

Nafarroa zirkularrari buruz

Nafarroa Zirkularra izeneko ekimena Nafarroako lau tokiko ekintza-taldeen (TET) lankidetzatik sortu da, ekonomia zirkularra sustatze aldera. Ekonomia zirkularrak baliabideen erabilera efizienteago bateranzko aldaketa sustatzen du.

Landa-eremuentzat ekonomia-hazkunde jasangarria izateko aukera bat da, ingurumenarekiko errespetuzkoa eta landa-eremuetako biztanleentzat integratzailea. Nafarroako toki-administrazioak, tokiko ekintza-taldeak eta lurraldeko eragileak koordinatzen eta dinamizatzen dituen Lursarea izeneko sarea arduratzen da Nafarroa Zirkularreko egitasmoak koordinatzeaz. Nafarroa Zirkularra Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak sustatzen duen egitasmoa da.

Tokiko ekintza-taldeei buruz (TET)

Tokiko ekintza-taldeek gizartearen eta ekonomiaren garapena bultzatzen dute, eta lurraldeko eragileekin lankidetzan dihardute bizi-kalitatea hobetuko duten tokian tokiko garapen-estrategiak martxan jartzeko. TET horiek suspertzaile-lana egiten dute, ekintzailetza eta enpresa-ehuna kudeatuz, koordinatuz eta bultzatuz, eta energia-kudeaketa on bat sustatuz eta turismo-kalitatea zainduz.

 

Por | 2019-10-08T09:41:22+00:00 octubre 8th, 2019|Albisteak|Comentarios desactivados en Cederna Garalur Elkartearekin, Agoitzek bat egin du ekonomia zirkularrarekin, «Jolastera! «Murriztu eta berrerabili! festarekin