Jolastera! Murriztu eta berrerabili! Cederna Garalur Elkarteak ekonomia zirkularraren jai handia antolatu du Goitzen, urriaren 5ean.

  • Eguna, jolas-jai girokoa, herritar guztiei zabalik dago, eta 17:30etik 19:30era izanen da.
  • Helburua ekonomia zirkularra sustatzea da, hondakinak berrerabiliz, birziklapenaren alternatiba gisa.

 «Jolastera! Murriztu eta berrerabili! izenburupean, Cederna Garalur Elkarteak jolas-arte egun bat antolatu du ekonomia zirkularraren eta birziklapenaren inguruan. Jardunaldia urriaren 5ean izanen da Agoizko Jose Amichis plazan, 17:30etik 19:30era. Jarduera hau Iratiko Hondakinen Mankomunitatearekin, Agoizko Udalarekin, herriko ikastetxeekin, guraso elkarteekin, Patxi Huarte artistarekin eta Karekin kultura taldearekin  lankidetzan antolatu dugu. 

Pasa den astetik hondakinen mankomunitateak edukiontzi horiak paratu ditu Agoizko ikastetxeetan: familiek horietara bota ditzakete edukiontzi erabiliak, garbiak, taparekin eta zanpatu gabe: brikak, latak, poteak, botilak, tapak, tapoiak, erretiluak.

Jasotako material guztiarekin (eta jardunaldira joanen direnek ekarritakoarekin) urriaren 5ean adin guztietarako lantegiak eta jolasak antolatuko dira eta horietan, bildutako ontziak baliatuta, bigarren erabilpena emanen zaie, horiek berrerabiliz. Aldi berean, Patxi Huarte artistak ontziekin arte-instalazio kolektibo bat sortzea koordinatuko du, eta hori egunaren amaieran ikusgai jarriko da Agoizko Udaletxean. Halaber, animazio- eta informazio-gune bat egonen da, eta «Ekopuntua», hondakinen mankomunitatearen garbigunea, jarriko da. Gune horretan jendeak eramanen dituen hondakin plastikoak «Irati txanponekin» trukatu ahal izanen ditu. Txanpon horiekin ekimenera atxikitako herriko dendetan erosi ahal izanen dute.

Egun horren bidez, Cederna Garalur Elkartearen asmoa da familietan ekonomia jasangarria eta arduratsua sustatzea, eta berrerabilpenak birziklatu aurretik duen garrantzia azpimarratzea. Izan ere, horrela, ahal den neurrian, murriztu egiten dira ontziak eta botatzekoak diren objektuak, eta, aldi berean, hondakin material horiei bigarren erabilpena ematen zaie berrerabiliz eta bestelako objektu erabilgarri bihurtuta.

Jarduera hori «Nafarroa Zirkularra» ekimenaren barnean kokatzen da; Nafarroako tokiko ekintza-taldeen arteko lankidetza-proiektua, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuak finantzatua, eta Lursareak koordinaturik (Jasangarritasunerako Nafarroako Agentzia). Helburua LEADER ikuspegitik Foru Erkidegoko landa-eremuan ekonomia zirkularra sustatuko duten ekintzak ezartzea da.

Argibide gehiagorako:

  • Kati Leatxe. Karekin Kultura. Kultur koordinatzailea. : 664.388.696. Posta elektronikoa: info@karekinkultura.eus
  • Lorea Jamar. Cederna Garalur Elkarteko teknikaria. : 639 900 318. Posta elektronikoa: ljamar@cederna.es

Por | 2019-10-01T07:41:09+00:00 octubre 1st, 2019|Albisteak|Comentarios desactivados en Jolastera! Murriztu eta berrerabili! Cederna Garalur Elkarteak ekonomia zirkularraren jai handia antolatu du Goitzen, urriaren 5ean.