Bicimugi proiektu europarrak Pirinioetako arroak ‘Eurovelo 3’ bizikleta-ibilbidearekin lotuko ditu.

  • Proiektuan erakunde elkartu gisa parte hartzen dute Cederna Garalur Elkarteak eta Erroibar, Luzaide, Orreaga, Auritz, Longida, Artzibar, Agoitz, Aezkoa Ibar eta Aurizberriko udalek.

Joan den otsailaren 7an, Frantziako Donapaleu herrian, Bicimugi proiektuaren onuradun diren erakundeen ordezkariak batzartu ziren.Proiektuaren helburuak dira bizikleta-mugikortasuna eta tokiko garapen jasangarria sustatzea, Orreaga eskualdea eta Pirinioaurreko arroak Eurovelo 3 bizikleta-ibilbidearekin eta Done Jakueren ibilbidearekin (Iruñea) lotzen dituen bide baten bidez.

 Nafarroan aurreikusitako trazadura Orbaitzetako Armen Errege Fabrikatik abiatzen da (berau aldi berean Luzaiderekin lotuta egongo da bide-adar baten bidez), Orreagatik, Auriztik eta Aurizberritik igarotzen da, eta Artzibarretik jaisten da, Longidaraino eta Agoitzeraino iritsi arte. Azken tarte hori Pirinioetako erromatar galtzadatik hurbil dago. Agoiztik, ibilbideak Iratiko bide naturalarekin izanen du lotura Iruñera iritsi arte, azkenik Done Jakueren Bideekin lotuz. Horrela, Frantziako Done Jakueren bidea arintzea lortzen da, bizikletei beste bide bat eskainiz eta, aldi berean, proiektuaren eraginpean dauden udalerrietan turismo jasangarria sustatuz.

Proiektuak bi urte eta erdiko iraupena du, eta Interreg IVA POCTEFA mugaz gaindiko lankidetzarako Europako Programak kofinantzatzen du, 4,4 milioi euroko aurrekontuarekin. Proiektuaren bazkideak honako hauek dira: Lursarea (Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunerako Nafarroako Agentzia), Pirinio Atlantikoetako Departamentua, Donapaleu eta Ezterenzubi udalerriak, La Rioja Turismo sozietate publikoa eta Europako Txirrindularitza Fundazioa (ECF).

Gainera, proiektuaz espero zen inpaktua dela-eta, beste erakunde batzuek, Cederna Garalur Elkarteak eta Orreagako Kolegio-elizak kasurako, bat egin dute proiektuarekin, erakunde elkartu gisa, Nafarroako Mendialdeko beste 12 udalerrirekin batera: Erroibar, Luzaide, Orreaga, Auritz, Longida, Artzibar, Agoitz, Aezkoa Ibarreko Batzarra eta Aurizberri. Erakunde horiek, tarteen egokitzapenean parte hartzen ez badute ere, ibilbide berria mantentzeko eta sustatzeko ardura hartuko dute zortzi urtez.

Orreagako eskualdeko Cederna Garalur Elkarteko tokiko garapen-eragile Edurne Miguelen hitzetan, «Gure eskualdeentzat proiektu estrategikoa da hau: alde batetik, lehendik dauden ibilbideak balioesten eta komunikatzen ditu (Donejakue Bidea, adibidez), edo martxan jartzen ari direnak (Pirinioetako galtzada erromatarra eta Iratiko bide naturala, kasurako); bestetik, ibilbide mugigarri jasangarriekin komunikatzen gaitu, Eurovelorekin, esaterako . Eta, azkenik, aukera bat da turismo jasangarria eta ingurunearekiko errespetuzkoa erakartzeko; zikloturista «.

Trazadura egokitzeko, Lursareak jasangarritasun-irizpideak zehaztu ditu; esaterako, lehendik dauden bideak erabiltzea. Ibilbidea egokitzearekin batera, honako hauek ere aurreikusten ditu proiektuak: bizikleta tokiko garraiobide gisa erabiltzeko sentsibilizazio-ekintzak lantzea, aniztasun funtzionala duten pertsonentzako ibilbide irisgarrien diseinua egitea, zikloturistentzako zerbitzuen eskaintza egitea, edo ibilbide nagusi tronkala tokiko trazadurekin lotzeko begizten diseinua lantzea, bizikletaz egin daitezkeen ibilbide laburrak sustatze aldera.

Eurovelo bizikleta-sarea Europako kontinentea iparraldetik hegoaldera lotzen duten distantzia luzeko 15 ibilbideek osatzen dute; guztira, 5.000 kilometro.

 Argibide gehiagorako:

  • Edurne de Miguel. Erroibar-Aezkoa-Esteribarko garapen-eragilea. : 639905357. Posta elektronikoa: erro-aezkoa@cederna.es

Carlos Garcia. Pirinioaurreko Arroetako tokiko garapen-eragilea. Tel.: 639905359. Posta elektronikoa: prepirineo@cederna.es.

 

Por | 2020-02-20T11:54:13+00:00 febrero 12th, 2020|Albisteak|Comentarios desactivados en Bicimugi proiektu europarrak Pirinioetako arroak ‘Eurovelo 3’ bizikleta-ibilbidearekin lotuko ditu.